GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-06-21
Jose Luis Lekuona «Lexoti» bertsolaria, eskola zaharreko azken alea, joan egin da
Demazalea zen, bertsoa dema bezala ulertzen zuen eta kontrarioren bat zirikatu gabe ez zekien kantatzen. Bizimodu bohemio samarra eraman zuen 57 urterekin gaixotu eta arreba baten etxera, Ereñotzura erretiratu zen arte. Mitxelenaren garaiko bertsolaria, Uztapide eta Basarrirekin ere maiz kantatua, atzo goizaldera hil zen 79 urterekin.

DONOSTIA

Jose Luis Lekuona Lexoti bertsolariaren bizitzan bi zati arras diferente bereizten dira: 50-55 urteren buelta bete zuen arte eskola zaharreko bertsolaritzaren azken pertsonaietako bat izan zen, bertsolaritza bizimodutzat hartu zuena.Eldozko zentralean eta Goiko Bordako kanalean guarda, itzain, baso-mutil, itsasontziak deskargatzen Pasaian, kale-garbiltzaile Oiartzunen eta beste zenbait ofiziotan ibilia zen, baina irabazitakoei kontu askorik egin gabe, artista bohemioen tankeran bizi izandako gizona izan zen. Sagardotegian ikasi zuen bertsotan eta lagunartean egiten zuen betsotan, 1962ko Gipuzkoako Txapelketan eta beste gazte txapelketa zenbaitetan parte hartu bazuen ere. Lagunarteko bizimodu horrek hondatu zion gibela eta 57 urterekin Erenotzuko arrebaren etxera erretiratu zen eta, medikuek agindu bezala, dieta gogor bat eginez bizitzen hasi zen. Geroztik bizitzaren bigarren zatia bizi izan du, atzo goizaldera joan zitzaigun arte.

Bere inguruan ibili direnengan oroitzapen pilo bat eta Auspoa bilduman pare bat lan utzi ditu:“Amar urteko bertso-paperak” liburuan ale mordoska eta “Lexoti bertsolaria”, 1982an argitara emana. Mitxelena, Koxme Lizaso, Frantsesa eta Mariano Ostolaitz izan zituen bertso lagun.

Aitaren aldetik etorri zitzaion Lexotiri bertsotarako zaletasuna. Aita meatzaria izan zen bizitza guztian. Oso gazterik Estatu frantseseko Pierrefitteko meategietan egin zuen lan eta handik Oiartzungo Arditurriko berun meategira etorri zen lanera eta han lanean ari zela harrapatu zuen silikosia. Aita 1948an hil zen 57 urterekin. Jose Luisek berak ere lan egin zuen berun meategi horretan hogeita pare bat urte zituela, baina ordurako aita gaixorik zegoen eta alde egiteko gomendatu zioten etxean. Lexotiren aita hori Jose Antonio Lekuona zen, bertsotan ere bazekiena. Lexotiren familia oroitzapenen artean amari buruzkoak ziren beroenak. Maria Jeronima Garaiar Aristizabal baserrian jaio zen eta 67 urterekin hil zen 1959an. Lexotik ama asko maite zuen eta urte batzuk geroago “Nere bizitzako egun tristeena” izenburuarekin sei bertso jarri zizkion amari. Honela zioen bigarrenak: «Bakar-bakarrik bizi dek orain Lexoti bertsolariya/ gizon triste bat bezala nago Ergoin aldian jarriya/ beste pozikan ez daukat orain, lagunartea haundiya/ bano etxian gurasorik ez, au da nere komeriya».

Apustu xelebre asko egindakoa zen, demazale porrokatua zelako eta bertsoa ere dema bezala ulertzen zuen. Arerio bat behar izaten zuen beti aldamenean eta kontrariorik ez zuenean, asmatu egiten zuen, norbaiti zirikatzen hasiz, orain emazte kontuak eta gero diruaren ingurukoak aipatuz. Horretan Zepairen antzekoa zen. Bertsoa dema eta bizitza jolas moduan hartzen zuen bertsolarietako bat joan da, beraz.



Apustu xelebreak egindakoa

DONOSTIA

Apustu xelebre asko egindakoa zen Lexoti, harri-jasotzen, aizkoran nahiz korrika, baina egindako apustuen artean politenetakoa hemezortzi urterekin egin zuena izan zen. Lexoti eta Fermin Bainketa, Ereñotzuko San Antonio festetatik etxera zetozela Txikierdin geratu omen ziren. Gaia atera zen nonbait eta hasi ziren eztabaidan eta apustu hau egitera iritsi ziren: baietz Lexotik bizkarrean Fermin Bainketa hori hartu eta Txikierditik Ugaldetxotik barrena Iturriozko Gartxitene tabernaraino eraman, lurrean utzi gabe. Apustu eguna iritsi zenean, sekulako jendetza bildu omen zen eta Lexotik esaten zuenez, prozesio bat bezalako errenkada jarri omen zen atzetik. Lexotik orduan 66 kilo pisatzen zituen eta Fermin horrek 78. Garai hartan gisako apustu gehiago ere egiten omen ziren eta gizona gainean jartzeko ere teknika bereziak zituzten. Lexoti eta Fermin baiezkoan ziren eta ezezkoan beste batzuk. Apustua irabazi egin zuten eta Ferminek diru guztia, ehun duro, Lexotiri eman zion. Urte batzuk geroago oinutsik korrika jokatu zuen beste apustu bat Lexotik.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
¿Es ésta la aportación de Madrid y París?
Euskal Herria
Doce conocidos rostros unidos por la militancia política y la represión
Euskal Herria
Permach insta a acabar con un juicio que «busca criminalizar la militancia política»
Mundua
«El choque entre civilizaciones es una creación de carácter electoral»
Jendartea
El sistema público aborda el currículo para Euskal Herria
Euskal Herria
Batasuna denuncia que las detenciones son un ataque frontal a las esperanzas de paz
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss