Satrustegiren 168 artikulu bildu dituzte
·Andres Iñigok idatzi du «Jose Mari Satrustegi: ereile eta lekuko» liburua
Mendaur argitalpen bildumaren lehen bi aleak aurkeztu zituzten atzo Iruñean. Hain zuzen, Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak sinatutako akordioari esker ateratako bilduma da honakoa. Lehen bi liburuak «Jose Mari Satrustegi: ereile eta lekuko» eta «Baztango mintzoa: gramatika eta hiztegia» izenekoak dira.
IRUÑEA
Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak sinatu duten hitzarmen baten ondorioz Mendaur argitalpen bilduma aurkeztu zuten atzo. Bildumaren lehen bi liburuak kalean dira jada, “Jose Mari Satrustegi: ereile eta lekuko” eta “Baztango mintzoa: gramatika eta hiztegia”. Lehena Adres Iñigok idatzi du eta bigarrena Pello Salaburuk Maite Lakarren laguntzarekin. Azken lan horrek Baztanen egiten den euskararen fonetika, fonologia, morfologia eta sintaxia ditu ardatz. Andres Iñigok aurkezpenean agertutakoaren arabera, “Jose Mari Satrustegi: ereile eta lekuko” lanean Satrustegik “Principe de Viana” aldizkarian 1966 eta 1983 urte bitartean egin kolaborazioak bildu ditu, besteak beste. Izan ere, «aldizkari horren lehendabiziko zortzi urteetan kolaboratzaile izan zen, eta kolaboratzaile oparoa benetan. Euskaraz idatzi zituen 168 artikuluak dira gaur aurkezten den Mendaur bilduma berri horren lehendabiziko alea osatzen dutenak». Gaiei dagokienez, sailkapen zehatza egitea zaila dela gaineratu zuen, «artikulu batzuek gai bat baino gehago ukitzen dutelako». Besteak beste, zenbait pertsonaren ezaugarri eta laudorioak, euskarari buruzko idatziak, garai hartako gizarte arazoak islatzen zituztenak edota ipuin, olerki, herri kantak eta bertsoak irakurri ahal dira lanean.
Ekarpen ugari
Horrekin guztiarekin batera, gainera, «beste zenbait ekarpen» egiten ere saiatu direla esan zuen Iñigok. Liburuaren azken zatian ageri dira eta lau ataletan banatu dituzte: Satrustegik garai hartan erabiltzen zuen hizkeraren ezaugarri eta joera nabarienak islatzen dituena, idazkietan ageri diren zenbait esapideren bildumatxoa, 500 bat hitz biltzen dituen hiztegia eta aurkibide onomastikoa. «Izenen aberastasuna islatzeko, Nafarroako onomastika lanetarako material baliagarria delako eta horrelako lan batek argi eta garbi erakusten digulako onomastikaren egokitze eta arautzeraren beharra gure hizkuntzaren normalizazio bidean», adierazi zuen.
2006ko ekintzak zehazteko akordioa
IRUÑEA Mendaur bildumaren lehen bi aleak Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak atzo bertan sinatutako akordioari esker eman dituzte argitara. Akordio horrekin 2006rako euskararekin zerikusia duten argitalpenak kaleratzea eta ekintza desberdinak antolatzea sustatu nahi dute. Aurten garatu beharreko ekintzen artean, “Atlas de las Variedades Locales del Vascuence-Euskararen Hizkeren Atlasa” lanerako Nafarroako hainbat herritan egindako grabazioak, edizio desberdinen prestakuntza, Saroihandiren eta Jimeno Jurioren obren digitalizazio lana eta euskararen araudiaren eta terminologia juridiko-administratiboaren gaineko jardunaldien antolakuntza aipatu zituzten, besteak beste, bertaratutakoek. Pedro Pegenautek, Hizkuntz Politika eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak eta Euskaltzaindiko lehendakariak, Andres Urrutiak, akordioa eta bi erakundeen arteko harremana «positibotzat» jo zituzten.
|