«Kontseilutik» aldizkari berria euskararen erabileraz arituko da
DONOSTIA
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak aldizkari berria plazaratuko du aurrerantzean, “Kontseilutik” izenarekin, hain justu. Argitalpenak «berezo euskaldunen aukerak aztertzea eta, bide batez, enpresei euskarak produktuei ematen dien balio erantsia gogoraraztea» du helburu, bertako idazkari nagusi Xabier Mendigurenek azaldu duenez.Aldizkaria gizarte eragileek, enpresa aztertuek, Kontseiluko laguntzaileek, norbanakoen konpromisoak hartu dituztenek eta bazkideek jasoko dute eta, gainera, Kontseiluaren webgunean herritarren esku izango da, www.kontseilua.org helbidean hain zuzen. “Kontseilutik” argitalpenak euskararen erabileraren inguruko azterketak egin eta argitaratuko ditu eta, horretaz gain, Kontseiluak egiten dituen bestelako proiektuen berri ere emango du. «Helburua euskararen normalizazioa arlo guztietan lortzea da, kontsumo produktuetan, zerbitzuetan eta bestelakoetan ere bai», esan dute.
Euskara jogurten etiketetan
Lehenengo alean jogurten etiketei buruzko azterketa kaleratu dute. «Gure umeek eta guk geuk kontsumitu ohi dugun produktua da eta Euskal Herrian etiketak euskaraz izateko eskubidea dugu», esan du Mendigurenek.Kontseiluak Euskal Herrian salgai dauden bederatzi jogurt marka izan ditu aztergai eta, ondorioztatu duenez, «euskararen presentzia eskasa da». Izan ere, aztertutako marka guztien artean bakarrak errespetatzen ditu osorik euskaldunen hizkuntza-eskubideak.
|