GASTEIZ
Kolonbia, Irlanda eta Euskal Herria oinarri harturik, bake prozesuetan giza eskubideekiko errespetua nolakoa den aztertuko dute datorren hilabetean Oñatin izango diren jar- dunaldi batzuetan. Lakuako Soziologia Juridikoko Nazioarteko Institutuak antolatu ditu uztailaren 3tik 6ra bitar- tean Oñatin izango diren mintegiak. Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Bogotako Santo Tomas Unibertsitatearekin elkarlanean antolatu ditu jardunaldi horiek Lakuak. «Soziologia juridikoa bake prozesuetan giza eskubideen zerbitzura» goiburupean egingo dituzten jardunaldi horietan, hitzaldiez gain, hainbat lantegi ere izango dira; horiek guztiak Gernika Gogoratuz, Lokarri edota Bakearen Aldeko Koordinakundearen ardura izango dira. Soziologia Juridikoko Nazioarteko Institu- tuko presidente eta Lakuako Justizia sailburuorde Josu Zugastik aurkeztu zituen atzo Gasteizen, datorren uztailaren 3tik 6ra bitartean Oñatin izango diren mintegiak.
Sagastiren aburuz, mintegi horiek galdera desberdinei erantzuna eman nahi die. Hala nola, bake prozesuetan giza eskubideekiko errespetua nola bermatzen den, zein izaten diren aurre egin beharreko mehatxuak eta erronkak, «terrorismoari erantzuteko zigor kodearekin zer-nolako erabilpena egiten den», edota «nola bermatzen den biktimak berriz gizarteratzea».
Lege espainolen erabilpena
Horretarako, galdera horien inguruko hausnarketa egiteko, gonbidatu esanguratsuak bertaratu nahi izan ditu aipatu institutuak. Besteren artean, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, Alec Reid eta Harold Good Irlandako elizgizonak, Jose Maria Setien Gipuzkoako gotzain emeritua, edota Heike Jung, Reyes Mate, Javier Elzo, Gema Martin Muñoz, Luis Fajardo eta Fernando Reinares unibertsitateko irakasleak arituko dira hitz egiten lau egun horietan.
Kolonbia eta Irlanda izango dira jardunaldi hauetan aztergai nagusiak Euskal Herriarekin batera, eta horretarako nazioarteko hainbat gonbidatu izango dira Oñatin. Euskal Herriari dagokionez, aipatzekoa da uztailak 6an «terrorismoaren aurkako borrokan Zuzenbide Penalaren erabilpen eta gehiegikeriak. Kasu espainola» izenburupean emango duten hitzaldia.