Presoen bizi-baldintzak salatu ditu Iturbek aske gelditzean
Hilabetez preso egon ondoren, Anjel Iturbe aske gelditu zen joan den ostiralean eta, jada etxean da. «Nahiko ondo nago, oraindik urduri», adierazi zion atzo GARAri. Lehenik eta behin, espetxean ezagutu dituen bizi baldintza gogorrak salatu nahi izan zituen. Atxiloketaz mintzatzean, goitik beherako miaketak eta galdeketa luzeak datozkio burura.
HENDAIA
Fernando Grande-Marlaska eta Laurence Le Vert epaileek zuzendu zuten polizia operazioan, hamabi euskal herritar atxilotu zituzten ekainaren 20an ETAren kide izateaz eta finantzaketaz arduratzeaz leporatuta. Atxilotuen artean, Anjel Iturbe zegoen. Hilabetez Fresneseko espetxean egon ostean, ostiralean aske gelditu eta Euskal Herrirako bidaiari ekin zion. 23.30 aldera iritsi zen Biarritzera eta bertan lehen harrera egin zioten. Hamabostean behin Donibane Lohizuneko polizia-etxean sinatu beharko du.
«Ikusi nolakoak diren gauzak, 1987an Estatu frantsesetik kanporatu ninduten eta orain hortik ateratzea debekatu dit epaileak», adierazi zion atzo GARAri. Zer moduz dagoen galdetuta, «nahiko ondo» erantzuten du, hori bai, «oraindik urduri». «Pozik nago, baina baita triste ere. Barruan, kide pila bat utzi dut bizi baldintza oso txarretan. Banuen kartzelako bizimoduaren irudi bat, baina kezkagarria da nola dauden ikustea. Dena den, tinko eusten diote», nabarmendu zuen. Ildo horretan, preso politikoek «osatzen ari den giro berri honetan» esku hartzeko duten eskubidea aldarrikatu zuen, baita Euskal Herrian egotekoa ere.
Atxiloketa gogoratzean, «oso harrituta» gelditu zela adierazi zuen. «Duela hiru urtetik hona, zenbait hedabide espainolek nire izena lauzpabost aldiz bota zuten, erakundeko ornigraman eta ‘zerga iraultzailea’ren barnean kokatu ninduten. Harrituta gelditu nintzen», aipatu zuen.
Erabat harritu zen Polizia frantsesa etxean gauez ikusi zuenean. «Esnatu nintzenean, txakurrak zaunkaka entzun nituen. Hasieran, bizilagunen bat izango zela pentsatu nuen ‘police’ esaten entzun nuen arte. Sei bat sartu ziren eta etxea hutsik zegoela ikustean lasaitu ziren», azaldu zuen.
Goizaldeko 6.00ak ziren orduan eta miaketak luze jo zuen, arratsaldeko 17.00ak arte, hain zuzen. Tarte horretan, den-dena arakatu zuten. «Armairuetan zeuden paper guztiak eraman zituzten, 60 argazki eta mila euro. ETAk kaleratu zuen bigarren “Zutabea” oroigarri gisa gordetzen nuen, hura ere eraman zuten ‘ilegala’ zela esanez. Tarteka, Laurence Le Vert epailea etortzen zen. Halako batean, ‘garbia’ nengoela esaten entzun nion poliziaburu bati, penarekin zegoela ematen zuen. Argazkiak, kaieretako orriak banan-banan atera zituzten... Deus ere aurkitzen ez zutenez gero, garajea miatzea eraman ninduten», gaineratu zuen Iturbek.
Han gauza bera izan zen. 2005eko abendutik telefonoa eta ibilbideak kontrolpean zituztela esan zioten. Galdeketak ez ziren motzagoak izan. «Behin eta berriz ukatu nituen akusazioak. Horrekin ez nuela inolako zerikusirik esan nien Poliziari eta epaileari».
Duela 30 urteko argazkietan azaltzen ziren lagunak banan-banan identifikatzera behartu zuten polizia-etxean: «Umetatik hasita nagusi izatera heldu arte. Erabat erotu ninduten». Mehatxu psikologikoak ere jasan zituen. Inkomunikazioa 48 orduz luzatu zuen Le Vertek.
Espetxeratzearen kontra ipini zuen helegitea asteazkenean aztertu zuten. Ziegan afaltzen zegoela eman zioten bere askatasunaren berri.
|