GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-07-23
Juliana Zubizarreta pandero-jotzailea hil da 97 urte zituela
·Atzo egin zioten azken agurra lagun eta senitartekoek Elgoibarko parrokian

Alaia zen Juliana Zubizarreta, eta barruan zuen poztasun harekin ingurukoak dantzan jartzen saiatzen zen elgoibartarra, panderoa lagun. Baita lortu ere. Ehun urte bete nahi zituen, baina lehentxeago esan du agur.

ELGOIBAR

Juliana Zubizarretaren senitarteko eta lagunak bere jaioterriko parrokian bildu ziren atzo arratsaldeko 19.00etan pandero-jotzaileari azken agurra emateko.

Han guztiek zuten gogoan Julianaren poztasuna. Bere alaitasunarekin oraindik ere txundituta uzten zituen Elgoibarko Aldapa baserrira joaten zirenak. Halaxe geratzen ziren neska gaztea zela agertoki gainera igo eta panderoa astintzen entzuten zutenak ere.

«Eskuetan indar handikoa da, eta oso alaia. Pandero-jotzaile baten dohainetako bat horixe da, hain zuzen, alaitasuna», esana zuen Lajak Julianaz.

Hamasei urterekin amak panderoa oparitu zionetik huraxe izan zuen lagun. Abarkak josten laguntzeagatik sari gisa oparitu zion amak eta erromerietara joaten hasi zen, nahiz eta etxean utzi ez.

2001. urteko udaberrian GARAri eskainitako elkarrizketa batean honelaxe gogoratu zituen garai haiek: «Trikitilariak izaten ziren oholtza gainera deitzen nindutenak. Nik, askotan, nahiago izaten nuen dantzan jarraitu, baina jendeak estimatu egiten zuen panderoa jotzea eta igo egin behar izaten nuen», kontatu zuen.

Arrakasta haren sekretua, dudarik gabe, Julianaren alaitasuna zen, eta horrek bultzatuta berak asmatu eta kantatzen zituen ‘zantarkerixak’. «Kopla berdeak ziren gehienbat, neuk asmatuak», azaldu zuen.

Euskal Herriko lehen panderojotzaileak emakumeak izan ziren, soinu txikia sartu arte beraiek kantatzen baitzituzten koplak panderoarekin. Halaxe egiten zuen Juliana Zubizarretak, Primi Erostarbe oñatiarrak eta Arratiako Maurizia Aldeiturriagak bezala.

Euren aurretik Maria Barrena, Maria Ugarte, Anizeta Barrena eta Timotea Guridi ere agertzen dira koplarien zerrendan eta ezaguna da baita Ezkioko Frantziska Antonia Irizarren izena ere, Oñatiko Inaxia eta Antonia Arantzetarekin batera.

Elgoibartarra zen bizirik geratzen zen bakarra eta bere heriotzarekin Euskal Herriko trikitia bere historiaren urte garrantzitsuen lekukorik gabe geratu da.

«Herriko apaizen eta agintarien aldetik gaizki ikusiak egongo ziren», esan zuen Joxe Mari Iriondok iaz Donostian Trikitixa Elkarteak egindako jardunaldietan Julianarekin «kopla berdeak» hizpide zituela. Baina Julianak berak aitortua zen lotsa gutxi zuela ­«nik oso lotsa gutxi izan dut beti, lehen gutxi eta orain batere ez», esan zuen­ eta ez zitzaion askorik axolako.

Gustuz jotzen zuen, erromerietan bildutakoek emandako dirua beretzat baino soinu-jotzailearentzat izaten baitzen. Halere, Julianak jasotzen zituen txanpon batzuk, jendeak txalo jo eta mantalera botatzen zizkionak, eskerronez.

«Udan arratsaldeko seiak aldean hasi eta inularrean bukatzen zen, oinez etxera abiatzeko. Neguan lehentxeago hasten ginen. Inguruetako erromerietara joan-etorria oinez egiten zen orduan. Itzulera senargaiarekin egiten genuen askotan eta oso une gozoak izaten ziren», gogoratu zuen.

Hogeita bat urterekin ezkondu zen Aldapa baserrira eta sei seme-alaba izan zituen. Geroztik ere panderoarekin jarraitu zuen Juliana Zubizarretak.

Senarrak irrati bat eman zion opari eta soinua irratian entzuten eta panderoa jotzen ematen zituen orduak etxean.

Trikitilariak

Garaiko trikitilari ezagun gehienekin ibilia zen: Kataolatza, Madariagako Gregorio, Laja, Sakabi, Mendaroko Ospas (Bitoriano), Txikito Mendaro, Manuel Gelatxo eta haren seme Pedro, tartean.

Laja eta biei omenaldia egin zien Trikitixa Elkarteak 2003. urteko San Jose egunez, Azpeitian. Ez zen bakarra izan, hamar urte lehenago Joxe Kruzelegi Kataolatzarekin batera beste omenaldi bat egin baitzioten Azpeitian bertan. Arraten eta Elgoibarren ere jaso zuen beste omenaldirik.

Elgoibarko San Lorentzo bailarako Armaitxa-Beheko baserrian jaioa, musika zaletasuna etxetik zetorkion Juliana Zubizarretari. Hamaika anai-arreba ziren eta guztiek jotzen zuten tresnaren bat. Hiru ahizpa ziren panderoa jotzen zutenak, Martzelina, Pantxika eta Juliana. Inork erakutsi gabe ikasi zuten gainera. «Neuk kantatu eta neuk panderoa jo», adierazi zuen.

Aldapa baserriaren ateak zabalik izaten ziren trikitizaleentzat. Guztiak hartzen zituen abegikor.

Ahizpa bat ehun urte betetzeko hilabete eta erdi falta zitzaiola hil zen eta haren marka ondu nahi zuen Julianak, baina lehentxeago esan du agur.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Colectivos del movimiento feminista de Euskal Herria se adhieren a Ahotsak
Euskal Herria
«Haya una, dos o dieciocho mesas, el PNV llevará una visión unitaria»
Euskal Herria
Presoen bizi-baldintzak salatu ditu Iturbek aske gelditzean
Kultura
«Una galería tan grande como el mundo»
Kirolak
Floyd Landis remata su gran sueño
Mundua
Hizbula y el Ejército israelí libran encarnizados combates en el sur
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss