GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-07-23
Joana GARMENDIA | Filosofoa. «Gogoa» aldizkariko idazkari teknikoa
«Ikerlariak bide laburra du Euskal Herrian, ez dago profesionalik»
27 urte ditu eta ikerlaria izan nahi du. Jakituria bakarrik ez, erraztasuna ere dezentea du hizketan. Stanforden eman ditu hiru hilabete Kepa Kortak eta John Perryk pragmatika aztertzeko abian jarri duten metodoarekin lanean. Orain astebete Copenhagueko batzar batean hitz egin zuen ehun bat ikerlariren aurrean. Euskara hutsean argitaratzen den «Gogoa» aldizkariaz ere arduratzen da.

Ez da munduan zehar unibertsitatez unibertsitate dabilen euskal filosofo gazte bakarra, baina ez dira asko ere. Joana Garmendiak EHUn hasi zituen Filosofiako ikasketak eta Erroman egin zuen azken urtea. «Filosofiatik logika matematikoa gustatzen zitzaidan gehien, ez morala edo politika. Baina haize batek eman zidan eta lizentzia atera berri Itzulpengintzako masterra egitera joan nintzen Gasteizera», esan du. Donostiako INCLI institutuan ari da lanean orain.

­Zer eratako jendea zaudete Donostiako institutu horretan?

Kepa Korta da zuzendaria eta ikerlariak, unibertsitateko irakasleak eta graduatu ondoko ikasleak gaude, doktoregoa egiten ari garenak. Zortzi bat ikasle izango gara: matematikari bat dago, hizkuntzalari bat, fisikari bat, filosofiako hiru bat gaude eta psikologo bat. Ikerlari izan nahi duen jendea gara.

­Zein izan dira zuk parte hartu duzun ikerketa proiektuak?

“Euskaldunon egunkaria”ko izenburuei buruzko azterketa bat egin genuen bi urtez Hizkuntzaren Filosofiaren aldetik. Lan hori egiten ari nintzen bitartean egin nituen doktoregoko ikastaroak. Pragmatikaren eta Erretorikaren esparruetan ironiari buruzko lan bat egiten ari naiz doktoregorako.

­Zer da pragmatika? Ea gauza zaren oso hitz gutxitan kontatzeko.

Hizkuntza azterketa oso maila desberdinetatik egin daiteke. Gramatikak arauak aztertzen ditu, semantikak esanahia eta pragmatikak esanahi hori testuinguru batean jartzen du. Pragmatikak erakusten du nola hizkuntzaren bidez gauza bat esan eta beste batzuk uler daitezkeen. Ironiaren gaia oso lotuta dago horrekin eta esparru izugarria du Filosofiaren barruan. Filosofo batzuek ironia bizitza ulertzeko puntutzat hartu dute. Ironia, noski, oso zabal hartu behar da, batzuetan esaldi batzuen atzean ezkutatzen dena adierazten du, beste batzuetan ironia minarekin nahasten da, bizitza bera ironikoa da edo Jainkoa bera ere bai. Kierkegaardek, esaterako, gai horren inguruan egin zuen bere tesia, nahiz eta nire ikerketatik oso urrun dagoen. Sokratek, bestalde, filosofia egiteko metodo moduan erabiltzen zuen ironia. Dagoeneko idazten ari naiz eta urtebete barru bukatu nahi nuke.

­Tarte honetan nondik nora ibili zara?

Eusko Jaurlaritzako lau urteko beka bat lortu nuen eta hiru hilabete Oxfordeko unibertsitatean izan nintzen. Bertako liburutegiko datu-baseak aztertu nituen. Ironiaz idatzita dagoen guztia irakurri nuen. Zoragarriak izan ziren hiru hilabete horiek. Britainia Handian argitaratzen den guztia biltzen du liburutegi horrek. INCLIra itzuli, bildu nuen informazioa txukundu eta ondoren Amsterdamera joan nintzen, iaz. Pragmatikaz eta dialektikaz oso departamentu ona dute. Ikerlari piloa dute, asko argitaratzen dute. Hango zuzendariak onartu ninduen eta mintegietan lan egiteko aukera izan nuen, nire ikerketa nola zegoen erakutsi eta haien iritziak jasoz.

­Aurten, alabaina, Kalifornian izan zara.

Stanforden egon naiz. Han John Perry deritzan ikerlari oso on bat dago. EHUko honoris causa da eta mundu mailako aditua hizkuntzaren filosofian. INCLIko zuzendaria, Kepa Korta, ikerlari dago han bederatzi hilabetez. Pragmatikari buruzko teoria berri bat sortu dute bien artean, arlo horretan sekulako iraultza ekar dezakeena, eta hiru hilabeteko egonaldia egin dut haiekin. Nik ironia esplikatu nahi nuke teoria berri horren argitan. Egin ditudan frogen arabera, oso ondo funtzionatzen du eta gutxi gorabehera diseinaturik dut nire lana. Orain astebete aurkeztu nuen Copenhagueko batzar batean egiten ari naizen lan horren aurrerapen bat. Harriduraz hartu zuten hitzaldia, baina bidea egin litekeela uste dut.

­Gerta al liteke bide luze bat egin eta inora ez iristea?

Gerta liteke. Tesi negatiboa ere izan liteke, baina zerbait positiboa aterako dudala espero dut, gero aplikazioak bilatzeko. Seguru nago nireak funtzionatuko duela.

­Amak askotan egingo dizun galdera bat:noiz hasiko zara lanean?

Egia da. 27 urte ditut eta oraindik ez naiz hasi lanean. Tesia bukatu ondoren bide ezberdinak aurkituko ditut eta aukeretako bat benetako ikerketara dedikatzea izan liteke. Stanforden eskaini didate bi urterako ikerlari lana. Baina erabaki potoloa da. Etxetik hogei ordura dago hegazkinez eta, lekua ederra bada ere, amerikarrez betea dago, logikoa denez. Ikerlari baten bidea oso laburra da Euskal Herrian. Hemen ez dago ikerlari profesionalik.

­Estatuak ez al du ikerlari funtzionaroien talderik?

Hemen ez. Hemen irakaskuntzatik bizi dira ikerlariak eta badaude ikerlari onak irakaskuntzarako balio ez dutenak edo nahi ez dutenak. Estatu frantsean badira ikerlari profesionalak, baina Europan badira leku hobeak. INCLIN bada Ipar Euskal Herriko bat, Mixel Aurnague, CNRSen dagoena. Legedia aldatzen ari dira. Hemengo aukera bekak luzatzea da. Filosofia segitu nahi badut, «becaria precaria» izango naiz luzaz.

­Euskara hutsean ateratzen den «Gogoa» aldizkariaren idazkari teknikoa zara.

Kepa Korta eta bion artean daramagu aldizkaria. Hizkuntza, Ezagutza, Komunikazio eta Ekintzari buruzko aldizkaria da. Artikulu nagusiak anonimoki arlo bakoitzeko adituei bidaltzen dizkiegu beren iritzia eman diezaguten eta ebaluatu egiten dute. Guk Europan bezala egiten dugu lan. Oso zorrotzak gara. Artikuluez gainera, testu itzuliak argitaratzen ditugu, liburuen kritikak, iruzkinak eta liburu aurkezpenak sartzen dira zenbaki bakoitzean. Urtean bi zenbaki ateratzen ditugu. Ikerlariak eta fakultate guztietako jendea dago erredakzio batzordean. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Colectivos del movimiento feminista de Euskal Herria se adhieren a Ahotsak
Euskal Herria
«Haya una, dos o dieciocho mesas, el PNV llevará una visión unitaria»
Euskal Herria
Presoen bizi-baldintzak salatu ditu Iturbek aske gelditzean
Kultura
«Una galería tan grande como el mundo»
Kirolak
Floyd Landis remata su gran sueño
Mundua
Hizbula y el Ejército israelí libran encarnizados combates en el sur
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss