Beñat ZARRABEITIA
Masifikaziorik gabeko Madalen eguna
Aurreko urteetako jende uholderik gabe ospatu zuten Bermeok etaElantxobek Madalen eguna. Hala ere, ez zen girorik falta izan ez kaiean ez itsasoan. Ohi bezala, Bermeoko alkate Juan Carlos Goienetxeak jaurtitako teilak bere herriko teilatua Izaro uharteraino ailegatzen dela irudikatu zuen sinbolikoki.
Eguna gris esnatu bazen ere, Bermeora eta Elantxobera bertaratu zirenek ez zuten triste egoteko motiborik, giro bikaina izan baitzen bi herri horietan. Aurtengo Madalen eguna, beste urte batzuetako
masifikazioa alde batetara utzi, eta lasaitasun handiagoarekin bizi izan zen,
batik bat, Elantxoben. Agindutako zirkulazio murrizketek eragina izan zuten
parte hartzean, autobusek eta autoek Ibarrangeluko sarreran geratu behar izan
baitzuten. Egoera horrek bultzatuta edo, Elantxobera joateko asmoa zuten asko,
harrigarria bada ere, Ibarrangeluko kaleetan zehar geratu ziren.
Teila itsasora
Madalen eguneko lehen ekintzetako bat Bermeotik Elantxobera itsasontziz joatea da. Hainbat lagun dira ontzi ezberdinetan bide hori egiten dutenak. Horien artean, Bermeo, Elantxobe eta Mundakako alkateak garraiatzen dituen “Ortube Bermio” arrantza-ontzia dago. Horrek sortzen du ikusmin gehien, bertatik botatzen baitu Bermeoko alkateak, Juan Carlos Goienetxeak, teila uretara. Jaurtiketa horrek, Bermeoko lurrak, teilatu sinbolikoa izanik, Izaro uharteraino iristen direla irudikatzen du. Asko izango dira Bermeo inguruan urperatuta dauden teilak; baina ez litzateke sobera egongo lehorrean herriko gazteek euren kasa ibiltzeko teilatupeko gune bat izango balute.Teila bota ondoren, “Ortube Bermio” Elantxoberantz abiatzen da, barruan hamabitako handia egin bitartean. Euskal Herriko jaien inguruko erreportaje bat prestatzen ari ziren Alemaniako telebista bateko kazetariak harritu zituen horrek. Bestalde, aldarrikapenak ez ziren falta izan atzo. Izan ere, Bermeoko kaleetan eta portuan dozenaka lagunek Arene auzoan eraiki nahi duten industrialde erraldoiaren aurkako eranskailu berde identifikaerrazak, kartelak eta pankartak erakutsi baitzituzten. Horretaz gain, hainbat itsasontzi txikik euskal preso, errefuxiatu eta iheslariak aberriratzearen aldeko banderak zeramatzaten.
Elantxoben masifikaziorik ez
Elantxobeko portuaren parean gelditu ondoren, “Ortube Bermio” itsasontzian geundenok 112aren zodiac-etan ailegatu ginen lehorrera. Bertan, deigarria egiten zen lehenengo gauza lasaitasuna zen. Hala ere, ez zen girorik falta izan, gehienbat, kai inguruan zeuden ontzietan, baina ez zegoen beste urte batzuetako jende uholderik. Aginduta zeuden zirkulazio murrizketak, alkoholemia kontrolak, txosnen falta eta autobus publikoek Elantxobe barruraino sartzeko ezintasuna izan ziren masifikaziorik gabeko Madalen eguna bizitzeko gakoetako batzuk. Dena den, herriko bizilagun askok nahiago zuten atzo bizitako giroa. Hala ere, jende ugari Elantxoberako bidean supermerkatuetan erositako alkoholdun edariak edaten geratu zen. Izan ere, Ibarrangelutik Elantxoberako bidea jendez lepo baitzegoen. Horren arrazoia, oso sinplea, autobusek eta autoek Ibarrangelurako sarreran gelditu behar zutela, hain justu.
Kalean gora, kalean behera
Madalen eguneko jarduera nagusietako bat Elantxobeko frontoian egiten den makila aldaketa da. Ezagunak dira herri horren aldapa malkartsuak ere. Gauzak horrela, txistularien atzetik igotzen zebiltzan guztiek balkoi baten parean zeuden emakume batzuek kantatutako, “Kalean gora, kalean behera” ezagunarekin barre egiteko beta izan zuten. Iban Mayok Tourrean sufritu zuen makalaldiaz oroitu zenik ere izan zen.Behin frontoian, aurreskuaren ondoren, plaza dantza ugariren txanda izan zen. Parte hartzaile batzuen artean, gainera, esan beharra dago batzuek dantzan oso estilo partikularra zeukatela. Dena den, jaia ez zen bukatu eta arratsaldez giroak puri-purian jarraitzen zuen jende gehiagoren etorrerari esker. Azkenik, gauez kontzertuez gozatzeko parada izan zuten Elantxobera bertaratu ziren guztiek.-
|