IRURTZUNGO JAIAK
Izaki magikoen mundura bidaia «Gauez gau» lanarekin
Iaz estreinatu zuen Orritz Dantza Taldeak apar-gomazko pertsonaiekin osatutako ikuskizun hori. Gauez izan behar du, beraien esanetan, «Euskal Herriaren herri gogoaren misterio sakonera hurbiltzeko». Aurten ere, zuzeneko musikak lagundurik, euskal paisaien irudi emanaldiekin eta dantzariak diren pertsonaiekin hainbat kondaira antzeztu dituzte.
IRURTZUN
Orritz Dantza Taldeak urte asko daramatza euskal dantza herrikoiak plazaratzen, eta duela bost urte, gazte talde bat beraien inguruan bildu zen euskal kulturako beste alor batzuk lantzeko asmoz. Haien ustez, herri guztiek daukate beraien mitologia, eta hemengoa, euskaldunena, kalera eta jende artera atera nahi izan zuten. Apar-gomaz baliaturik, mitologiako hainbat pertsonaia sortu zituzten, besteak beste, Tartalo, Basajaun, Mari, Akerbeltz, Otsoko eta Mikelats. Hainbat herritara joan izan dira kaleak animatzera. Duela urte pare bat, Bizkaiko Gaztelugatxera deitu zituzten ikuskizun bat egiteko proposamenarekin. Bertan arrakasta handia izanik, beraien herrian antzeko zerbait antolatzea pentsatu zuten. Anjel Sagüesek prestatu zuen gidoia eta iaz plazaratu zuten gaua argiz bete zuen ikuskizuna. Irurtzunen ezezik, Lekunberrin ere aurkeztu zuten lana. Aurten, “Gauez gau” izenarekin plazaratu dute. Berrikuntza aipagarrien artean, musika zuzenekoa izan dela eta taldeko pertsonaia guztiek parte hartu dutela dira nabarmenenak. Josetxo Goia Ariberen diskoan oinarritu dute lana, eta Aritza Bergararen mitologia liburutik hartu dituzte antzeztutako kondairak. Adibidez, San Migelen eta Herensugearen arteko borroka eta Tartalok bi ume bahitzen ditueneko istorioa. Emanaldia euskaraz izan da, baina paisaien irudiak ematen diren pantailetan, gaztelaniazko azpitituluak jartzen dituzte.Taldekoek diotenez, beren lana borondatezkoa da eta ez dira profesionalak. 80 lagun inguru biltzen dira, txikienetatik (herriko haurren dantza taldekoak) helduenetaraino. Horrenbestez, emanaldia askotan eskaintzea zaila iruditzen zaie, baina diotenez, hainbat herri interesatuta daude eta beraiek ere lanerako gogotsu. Hori bai, materiala oso garestia dela-eta, antolakuntzak kostu handia duela ohartarazi dute. Profesionalak ez izan arren, beraien alde ikuskizun parte-hartzailea dela nabarmendu dute. Emanaldia amaitzeko ikusleekin batera egiten den porrusalda kolektiboa horren adibide da. Ordubete inguru irauten du. Ikuskizuna uztailaren 20an ikusi ahal izan zen Irurtzunen, baina taldeak beste herrietara ere joateko asmoa agertu du. Egitaraua
Igandea 23 8.00: Txistorra jatea. 9.00: Dianak, gaita-jotzaileekin. 11.30: Konpartsen konzentrazioa. 12.00: Meza. 18.00: Zangitu fanfarrea. 18.30: Lazkaoko eta Irurtzungo dantza eskolen emanaldia, plazan. 19.30: Eskorga-kronoeskalada. 20.30: Dantzaldia Egan taldearekin. 22.30: Su-festak, ikastetxetik. Astelehena 24 9.00: Dianak, akordeoilariarekin. 10.30: Bi Aizpe pilota eskolako partidak pilotaleku irekian. 12.00: Herri jokoak helduentzat. Ordu berean Caricatour, kaleko karikatura lehiaketa. 12.30: Kalejira, akordeoilariekin. 18.30: Koadrilen arteko herri kirolak. 20.30: Dantzaldia, Eklipserekin.
|