GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > ARRAUNA 2006-07-23
Castrok gupidarik gabe zigortu ditu Hondarribiaren arraunlari aldaketak
·Zarautz bigarren eta Mecos hirugarren, itsaso txarrak baldintzatutako estropada bitxian

DONOSTIA

Castrok TKE denboraldiko lehen bandera irabazi zuen O Groveko uretan sekulako erakustaldia emanda. Begi guztiak hirugarren txandan ipinita zeuden La Marinera eta Ama Guadalupekoaren arteko lehia ikusteko, baina Hondarribiak maila eskasa eman zuen eta Zarauzko Enbata sartu zen azkenean bigarren postuan. Jose Luis Kortaren lanak eman du azkenean bere fruitua eta gaur beste lehia eder bat ikusteko aukera izango dugu sailkapeneko lehen postuan puntuetara berdinduta dauden bi traineruen artean.

Mikel Orbañanosek, ezustean, Aritz Gallego eta Osertz Aldai bi hankako titularrak kanpoan utzi eta horien ordez Javier Fernandez eta Asier Goikoetxea sartu zituen traineruan. Lehen luzean Castrorekin parean ibili ziren, baina lehen ziabogatik aurrera bi ontzien arteko zuloa nabarmen joan zen hazten. Kantabriarren txopa gero eta urrunago ikusten zuen Joseba Amunarrizek; Mecosen branka gero eta hurbilago, berriz, bere arraunlariek.

Bigarren ziabogarako bakar-bakarrik ari zen lanean Castro eta Zarautzek bigarren txandan ezarritako marka onenak erabat txikitzen. Helmugan, Castrok ia hamabost segundo sartu zizkion Enbatari, eta Mecosek ­etxeko estropadan maila bikaina eman eta hirugarren postua eskuratuz­ aurre hartu zion Hondarribiari azken txanpan olatuak bikain baliatuz.

Galizian ere, Enbata

Galerna askoko astea izan da gaur amaituko den hau, eta Zarauzko arraunlariek ere Enbata Galizia aldean nabarmentzea nahi zuten. Baita helburua lortu ere, alajaina, bigarren txanda ikusgarri batean.

Hasiera-hasieratik hartu zuten estropadaren burua zarauztarrek Oriorekin borroka bizian. Jose Ramon Mendizabalen mutilek bost bat segundoko tartetxo txiki bat ireki zuten eta bigarren zein hirugarren ziabogan alde horri eusteko gai izan ziren. Baina azken luzean gauzak ikaragarri parekatu ziren eta Oria ibaiaren bokalean entrenatzen ari balira bezala, Enbata eta San Nikolas ontziek erraz ahaztuko ez dugun azken txanpa bikaina jo zuten.

Txandako garaipena eta banderako bigarren postu harrigarria zarauztarrentzat izan zen, eta Orio laugarren lekuan geratu zen azken sailkapenean. Gaur ohorezko txandan aritzea sari bikaina da bientzat, batez ere, zarauztarrentzat. Zumaiak ere, bere mailan, estropada polita biribildu zuen eta Arkoteri aurrea hartu zion; horrela, mailari eusteko borrokan puntu oso garrantzitsuak pilatu zituen.

Distira gutxieneko txanda aurrenekoa izan zen. Espero bezala, Pedreña izan zen azkarrena, baina egindako denbora ez zen behar bezain ona izan eta gaur ez du onenekin batera arraun egiteko ohorea izango. Bigarren postua Caborentzat izan zen, eta berriro ere etxetik gertu dabilenean sekulako estropadak egiten dituela argi eta garbi erakutsi zuen.

Olatu artean galduta

Irudi txarrena eman zutenak Arkote bera, Urdaibai eta Pasai Donibane izan ziren. Bizkaitarrek ez zuten beren benetako maila erakutsi eta sailkapenaren atzealdean amaitu zuten estropada. Bermeotarren kasuan, Patxi Bilbaori ezarritako zigorrak erabat hautsi ditu taldearen aurreikuspenak. Pasaitarrek, berriz, asko hobetu beharko dute irailean jaitsiera kanporaketa ez jokatzeko.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Colectivos del movimiento feminista de Euskal Herria se adhieren a Ahotsak
Euskal Herria
«Haya una, dos o dieciocho mesas, el PNV llevará una visión unitaria»
Euskal Herria
Presoen bizi-baldintzak salatu ditu Iturbek aske gelditzean
Kultura
«Una galería tan grande como el mundo»
Kirolak
Floyd Landis remata su gran sueño
Mundua
Hizbula y el Ejército israelí libran encarnizados combates en el sur
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss