Pare-parean dabiltzanean lehia estreinatuko du Vigoko estropadak
DONOSTIA
Orain arteko zozketak alde batera utzita, sailkapen nagusiaren araberako txanda banaketa ezarriko da gaurtik aurrera. Gauzak horrela, eta atzokoa ikusita, Vigoko II. Estropadak (Vigo, 12.00etan) lehia benetan erakargarriak ekarriko dizkigu.Txanda nagusian Hondarribia, Castro, Orio eta Zarautz irtengo dira. Pentsatzekoa da kantabriarren eta hondarribiarren artean atzo erakutsitakoa baino parekotasun askoz handiagoa dagoela, are gehiago sailkapen nagusiko lidergoa jokoan badago. Biek 55 puntu dituzte eta hemendik aurrera txandaren aitzakiarik ez dute izango. Antzeko egoeran daude Orio eta Zarautz ere. Orain arteko estropadetan pare-parean ibili dira eta Enbatak oriotarren erritmoari eutsi nahiko dio ahal duen bitartean. Emaitza onak lortzen jarraitzea komeni zaio Enbatari ohorezko txandari azkarregi agur ez esateko. Hain zuzen ere, Pedreña da lau onenen multzotik kanpo geratu dena. Kantabriarrek Cabo, Arkote eta Mecosekin batera egingo dute arraun bigarren txandan. Pedreñako Maria izango da, zalantzarik gabe, faborito nagusia txanda irabazteko. Lehen txandan, azkenik, Urdaibai, Laredo, Zumaia eta Pasai Donibane arituko dira. Bermeotarrek lehenbailehen atera nahi dute zulotik; beste hirurek azken bi postuak ekiditeko borrokari ekingo diote.
|