GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria 2006-07-23
Julen Murgoitio
Hotsak

Udan gara. Baina horren seinalea ez da udako solstizioaren bueltako sutan sapoak eta sugeak erre izana, edo termometroko merkurioa izerditan ikustea, edo hondartzako hareak eguna ilunpetan pasatu behar izatea, edo Tourreko aldapetako giza-sugea arratsaldero pantailaratzea. Ez, udan gara udako ikastaroak direlako. Nonahi izan ere. Hain ospe handikoak izanda udako ikastarook zera pentsatzera heldu naiz honelako batean: zer demontre irakasten dute unibertsitateetan udazkenean, naguan eta udaberrian? Demontrerik bai ote? Tira, udakoa udako eta ikastaroak ikastaro, oso gauza inportanteak esaten dituzte aditu direnek. Horra lehengoan izen, eta abizen, handiko adituak bota zuena, berba egiteak bizia luzatzen laguntzen duela! Mutu gizajoak! Bizia luzatu bai, antza, mihiarena batez ere, baina ez omen zuen bizitzaz ezer esan. Begira, nire auzoan kamioan urteak eman zituen kaleko patata saltzailea gazte hil zen, eta harexek bai berba jarioa! eta? orain kamioak baino ez dirau kaleko izkinan.

Horra ere, beste ikastaro bateko hizlariak bota berri duena, turismoa gai hartuta: itsas bidaien kopurua ehuneko ehun hazi dela azker urteetan! Itxura batean, konforteko itsas bidaiez ari zen, igerilekua, tenis-zelaia eta orkestra duten horietaz. Ez da aditua izan behar hori ondorioztatzeko. Leloenak ere badaki itsas bidaien kopuruak asko egin duela gora, turismotik haratago behintzat, cayuco, patera eta horren pareko itsas bidaierak kontuan hartuta behinik behin. Jakina, bidaiariok ez dira portu handietara heltzen, ez eta eguneko argipean porturatzen ere, eta ez dute agintaririk kaian zain; izatekotan, uniformezko agintariak dituzte, eta ez zain, eske baino. Negozioa egon behar da itsasoan ontziolak lehorreko esku pribatuen atzaparretan ipintzeko. Hain negozio handia non arrantzaleak berak, eta hainbat arrain-espezie ere, itsasotik lehorrera bialtzen ari diren. Orain, antxoarik ezean itsas-etorkinak ontziratu beharrean daude arrantzaleak. Baina ezin portura eraman, nonbait ez baitago begi onez ikusita itsas-trafikatzaileek etorkinok portuko lonjetan enkantean ateratzea, begiak begira ez daudenean hori egiten badute ere. Prestige hark gutxiago kutsatu zuen gaurko itsas-merkatariek baino.

Ene, ene! UPV-EHUk badu astirik, ikastarootatik aparte, bere Leioako campusean obra handiak egiteko. Beiruteko campusa dirudi. Ez ninduke harrituko obrok Arte Ederretako Fakultatea zabaltzeko direla esango balidate. Izan ere, asko irabazi du gurean ideiak irudien bidez azaltzeko joerak. Lehendakariak ume batek marraztu katu batengan ikusi zuen pakea. Popularrek aizkora bati biribilkatutako arrosan ikusi gaurko prozesu-atarikoa. Eta bitartean, Nafarroako enpre- saburuek eskutitzak jasotzen segitzen omen dute. Kontua da ea ETAk bialduak diren ala San Paulok bialduak, ezaguna baita, oso, aspalditik, azken honek eskutitzetarako zeukan abilezia. Are gehiago, bada esaten duenik korintiorrek jasotakoak ETAk berak bialdu zituela; beraz, ez da harritzekoa San Paulo bera deklaratzera deitua izatea. Portzierto, erantzun ote zioten inoiz korintiorrek? ala pase forala egin zioten? -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Colectivos del movimiento feminista de Euskal Herria se adhieren a Ahotsak
Euskal Herria
«Haya una, dos o dieciocho mesas, el PNV llevará una visión unitaria»
Euskal Herria
Presoen bizi-baldintzak salatu ditu Iturbek aske gelditzean
Kultura
«Una galería tan grande como el mundo»
Kirolak
Floyd Landis remata su gran sueño
Mundua
Hizbula y el Ejército israelí libran encarnizados combates en el sur
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss