Ibon Artola eta Jesus Mari Aranzegi - "Euskal Herria sozialista" aldizkariko kideak
Lortu al du Montenegrok subiranotasuna?
Maiatzaren 21ean erreferendumaren bidez Montenegrok independentzia aldarrikatu zuen. Arazo nazionala ez da, ordea, soilik autodeterminazio eskubideare- kin konpontzen, eskubide horrek paper aurrerakoia edo erreakzionarioa joka dezake, klaseko interesen arabera. Marxismoak arazo nazionalarekiko bere jarrera zehazteko galdera hauek egiten ditu: zein klaseren interesak defendatzen ditu? Zein klase dago buruan? Hau da auzi erabakigarria. Beharrezkoa da diskurtso anbiguoak aztertzea atzean noren klase interesak dauden jakiteko. Mugimendu nazional guztietan burgesiak interes berezia edukitzen du, mistizismoan eta demagogian gordeta. Balkanak banatzeko potentzia inperialisten borroka XIX. mendean hasi zen Inperio Otomandarraren deskonposaketarekin. Inperialismo alemaniarra izan zen azkenik Jugoslavia zatitu zuen azkeneko gerra bultzatzearen erantzulea. Europako ekonomia indartsuenaren jabe izanda bere boterea handitzeko aukera ikusi zuen ekialdeko erregimenak erortzearekin. Herriak zatitu, gorroto etnikoa zirikatu, arrazista fanatikoak armatu; dena zilegi izan zen irabazi kapitalistak handitzeko. Marxismoak nazio guztien autodeterminazio eskubidea defendatzen du, nahitaezkoa da nazio zapalduen arazo nazionalari irtenbideak bilatzeko. Montenegroko erreferenduma ariketa demokratiko bat izanik derrigorrezkoa da montenegroarrek erabaki dutena de- fendatzeko exijitzea. Baina hori esatea ez da nahikoa. Baldintza konkretu batzuetan, «autodeterminazioa» burla da, baita Montenegron ere. Lortu al du Montenegrok subiranotasun nazionala? Ez. Burgesiaren gansterrek eta mafiek bakarrik lortu dute onura Jugoslaviaren balkanizazioarekin. Burgesiak autodeterminazio eskubidea bere klaseko interesak defendatu behar dituenean erabiltzen du soilik. Ekialdeko erregimen ohien independentzia prozesuak inperialismoak bultzatuak izan dira ekonomia planifikatua zuten herriak banatzeko eta dominatzeko. Ekoizpen kapitalistaren harremanak ezartzea izan da horren helburu nagusia eta Europar Batasuna prozesu horren babesle izan da burgesia europarraren interesak defendatuz. Europako ekialdeko herriekin alderatuta, mendebaldeko Europan ekoizpen kapitalistaren harremanak aspalditik daude ezarrita. Horregatik ukatzen diote Estatu espainiarrak, frantziarrak eta Europar Batasunak autodeterminazio eskubidea Euskal Herriari, bi estatuei merkatuak galtzea suposatuko liokeelako. Montenegrori, inperialismoak eta burgesiak jabego pribatuaren babesa, atzerriko inbertsioak eta munduko ekonomia kapitalistan sartzea eskaintzen diote. Montenegro lehen nazio zapaldua zen, baina zapaldua izaten jarraituko du zeren lortu duen «independentziarekin» inperialismoarentzat «kolonia» bat izaten jarraituko du. Independentziak ez du Montenegroren funtsezko arazorik konponduko, ez ekonomikorik, ez kulturalik... Jarrera utopikoa al da Balkanetan solidaritatezko klaseko politika internazionalista baten alde egitea? Bigarren Mundu Gerran egindako basakeria etnikoek (batez ere serbiarren aurka) ez zuten eragotzi gerraren ondorengo hamarkadetan serbiarrak eta kroaziarrak batera bizitzea. Funtsezko garrantzia izan zuten honetan, noski, ekonomia planifikatuak eta nazionalizatuak, eta urtean ekonomia %10 igotzen zen. Gizartearen eraldaketa sozialistarekin, benetako subiranotasun nazionala lortuz eta nazio bakoitzaren hizkuntza eta kultura garatuz, berriro ere baldintzak eman daitezke herrien batasun harmoniatsu bat lortzeko Balkanetako Federazio Sozialista sortuz, Europako Herrien Federazio Sozialista eta Errusia Sozialistari elkartuta. «Utopia» bat izatetik urrun, Balkanetako Federazio Sozialista da irtenbide bakarra Balkanetako herrientzat. -
|