Lan istripuak «izozmendiaren muturra» baino ez direla salatu dute sindikatuek
Azken hiru egunetan izandako lan istripuetan lau behargin hil dira Euskal Herrian, eta heriotza horiek salatu zituzten atzo alde batetik ELA, LAB, ESK, EILAS sindikatuek, eta CCOOk bestetik Bilbon eta Gasteizen egindako elkarretaratzeetan. Salatu zutenez, langileek pairatzen dituzten ezbeharrak «izozmendiaren erpina» dira.
BILBO
ELA, LAB, ESK eta EILAS sindikatuek, alde batetik, eta CCOOk, bestetik, elkarretaratzeak egin zituzten Lakuak Bilbon duen Lan Sailaren egoitzaren aurrean, Arabako Diputazio aurrean eta Confebask patronalaren egoitzaren aurrean azken hiru egunetan lau beharginen heriotza eragin duten lan istripuak salatzeko. Goiztiarrenak ELA, LAB, ESK eta EILAS izan ziren, eta «Lan istripu gehiagorik ez» lelopean egin zuten mobilizazioa Bilbon. LABeko Ibon Zubietak nabarmendu zuen lan istripu horiek «izozmendiaren erpina» besterik ez direla, eta oinarrian «beste lan arazo batzuk» daudela, besteak beste, azpikontratazioa, behin-behinekotasuna eta prekarietatea. Patronal moduan aritzen denean, Administrazioak duen jarrera ere salatu zuen. Gogorarazi zuen 2005ean lan istripuen ondorioz hildako langileen kopuruak gora egin zuela, eta aurten gauza bera errepikatzen ari dela gutxienez 58 behargin hil dira dagoeneko «inork neurririk hartzen ez duen bitartean». ELAko ordezkari Luis Mari Aranaren arabera, elkarretaratzearen arrazoiak kaltetuen familiarekiko elkartasuna erakustea, langileak lan bat izateko eta lan hori segurua izateko duen eskubidea aldarrikatzea eta gizarteari milaka langilek egunero duten arriskuaren berri ematea izan ziren. Gasteizen, aipatu sindikatuetako ordezkariek Arabako Diputazioak «langile baten heriotza isilarazi» nahi zuela salatu zuten erakunde horren aurrean egindako protestan. «Armińongo errepidean lanean ari zela D.Z.B. beharginak bizitza galdu zuela ez zen inon aterako sindikatuek presionatu izan ez bagenu». CCOO sindikatuko ordezkariak ere Bilbon elkarretaratu ziren «10, 30, 70... lanean hildakoak. Noiz arte?» lelopean. Sindikatu horretako Kepa Gonzalez Lan Osasuneko ordezkariak istripu asko saihets daitezkeela nabarmendu zuen, «prebentzioa ez baita betetzen».
|