|
|
|
|
|
Baionako bestak
Euskara ez ahazteko deia, Udaletxeko balkoitik
Eneritz Zabaletaren bertsoekin eman zioten hasiera bart Baionako bestei. Jules-Edouard Moustic frantses telebistako aurkezleak izan zuen herriko gakoa balkoitik botatzeko aukera bertan zeuden milaka ikusleen aurrean. Zapiak astinduz erantzun zuen jedentzak, eta jarraian Lapurdiko hiriburuaren zerua argitu zuten su artifizialek.
|
BAIONA
Milaka lagun bildu zen atzo Udaletxe aurreko plazan bestei hasiera emateko ekitaldian parte hartzeko. Eneritz Zabaletaren bertsoak izan ziren ekitaldia zabaldu zutenak. Hurrengo egunetan euskara ez ahazteko deia nabarmedu zuen bertsolariak. Segituan, Jules-Edouard Moustic telebistako aurkezleak gakoa bota zuen balkotik eta zapiak astintzen erantzun zuen bertan bildutako jendetzak.Jai giroaren eztandarekin batera, zerua ere argitu egin zen, su artifizilak hasi baitziren.Luzea izan zen atzoko eguna askorentzat gaueko hamarretako ate irekitze ofiziala itxaroten zeuden bitartean. Asko ikusten ahal ziren karriketan, xuri eta gorriz jantziak gaueko «bost eguneko besta maratoiari» abiatzea eman arte zer demontre egiten ahal zuten bilatzen. Eta, zenbaitek ofizialtasun zerbait ematen dion ekitaldi nagusi hori itxaron ezinik dantzan eta girotzen hasi ziren arratsaldean jadanik. Baina, ardi beltz horietatik kanpo, herritar eta kanpotik hurbilduriko lagun gehienak tente egon ziren gaueko hamarrak arte itxaroten, eta irekitze ofiziala inoiz baino jendetxuagoa izan zen berriz ere. Milaka jende zeuden Liberte plaza horretan bederatziak eta erditan jadanik Leon erregearen muturra ikusi nahian. Haur, gazte eta helduak, adin guztietako jendea ikusten ahal zen bertan. Honela, plaza ikuslez josia zegoelarik, hamarretan ttanko agertu ziren aurtengo gomita nagusiak eta herriko alkatea balkoiean guztien txalo eta txistuei erantzunez. Izan ere, aurten, Jules-Edouard Moustic Canal Plus telebista kateko animatzailea eta sortzez getariarrak izan zuen herriko gakoak herritarrei botatzeko premia. Berekin batera, balkoiean, canal Plus eta M6 frantses telebista kateetako beste bi aurkezle, Baionako errugbi taldeko Sandrine Jauregiberri kapitaina, eta Xavier Daramy Hormadi hockey taldeko jokalaria egon ziren ere. Ekitaldi nagusiari Mascleta eta su artifizialek jarraitu zioten. Eta, gauean haur gehienak etxeratu baziren ere, heldu eta gazteak gau ilun arte bestari ekin zioten. Berriz ere, jendez gainezka bete ziren herriko karrikak, eta goizeko hiruak arte, hots ostatuak itxi arte, dantza eta parranda nagusitu zen. Baina, hortaratu aurretik animazioak hasiak ziren Baionako karriketan atzo goizean. Eta, jai giroa kaleetan zabaltzeko Biper tortillaren munduko txapelketa antolatu zuten merkatuan. Goizeko hamarretan hogei bat elkarte bildu ziren apairu ederrena egin nahian. Biper usaina plaza guztian zabaltzen zen bitartean eten gabe aritu ziren tortillari itzuliak egin arazten.
Tortilla erraldoia Horien artean, Armendaritzeko besta komitekoek «tortilla erraldoia» egiteari ekin zioten. Eta, lehiaketa burutzekotan zegoelarik, sei bat zeudela, tortilla ezin bukatuz aritu ziren. Honela, oren batak aldera itxaron behar izan zuten bertan zeuden ehundaka ikusleek tortilla handi hori daztatzeko. Bertan zeuden Baionako elkarte gehienek apairu hoberena eskaintzeko ahalegin guztiak egin bazituzten ere, berriz ere, Hazpandarrek zuten sari nagusia eskuratu. Hiru urte daramatelarik ekitaldi hori antolatzen, urtero hazparneko Idiak elkartekoek atera dira irabazle.
Gaurko egitarauari dagokionez, Karrikaldi ekitaldia azpimarratzekoa da. Dantzazpi, urteroko mutxikoen hitz-ordua ordezkatzera heldu da. Orain arte Montaut plazan zelarik, Baionako ikastolak eta Ibaialdek antolatuta, ekitaldiak Jacques Portes plazan izanen dira.
Lasterketa, jaiak sasoian hasteko
A.B.
BAIONA Harrigarria badirudi ere, Baionan jaiak hasi aurretik gorputza sasoian jartzeko lasterketa proposatzen zaie urtero bestazaleei. Izan ere, 9.30ean Biarrizko euskal kostaldeko hondartzatik abiatu, eta Baionako San Andres plazara arte, hamabi kilometroko lasterketa egin zuten atzo. Horretan parte hartzeko, bi mila eta hirurehun lagun elkartu ziren bertan. Aurreko hiru ekitaldietan gertatu bezala, Lionel Lamy atera zen garaile. Guztiak xuriz eta gorriz jantziak, zailtasun handiekin baina umorearekin burutu zituzten lasterketaren hamabi kilometroak. Berrogei minutu Goizean goizetik bero egiten bazuen ere, bat edo beste mozorrotua ikusten ahal zen korrikalarien artean. Lehen mozorroa emakume batek jarri zuen soinean. Ileorde horia buruan zeukan, eta gizon aurpegia jarri zuen bertan zeuden ikusleak nahasi nahian. Halere, gehienek xuri-gorriz janztea erabaki zuten. Berrogei bat minutu jarri zituen lasterketaren irabazleak Baionara iristeko. Eta, askok ekimena umorez hartu bazuten ere, Lionel Lamy seriotasun handiarekin ibili zen Biarrizko puntatik Baionara arte. Bukatzerakoan, zintzurra bustitzeari ekin zioten, baina, ardo edo garagardoak baino, ura eta zukuak izan ziren nagusi.
|
|
|
| |
|
|
|
|
|