Drogak, gauzatzeko dagoen eztabaida
Bizkaiko Probintzia Auzitegiak Pannagh elkarteko hiru kideen eta lur-saila alokatuta zuen jabearen kontrako auzia artxibatu ondoren, ageriago geratu da drogak kontsumitu eta edukitzeko araudi baten beharra. Izan ere, kasu horrek kalamua norbere kontsumorako landatuta dutenen segurtasun falta juridiko nabarmenaren frogarik handiena izan da, bakarra ez bada ere. Azken batean, horrelako kasu guztiak dagokion epaileak erabakitzen duenaren mende daude. Pannagh elkarteak salatu duenez, badirudi bai Bilboko Udaltzaingoaren Estupefaziente Unitateko agenteen bai instrukzioko epailearen jokaera neurriz kanpokoa izan zela, elkarte legal bateko kideak atxilotu eta ondoren filtrazioei, izenak eta guzti, bide emanda. Legala baita Pannagh elkartea, eta haren jarduera ezaguna. Auzitegiko epaileak onartu duenez, gainera, konfiskatutako landareen parte batek erabilera terapeutikoa izango zuen. Eusko Jaurlaritzaren Droga-mendekotasunen Zuzendaritzak, ordea, ez zuen hitz erdirik ere esan elkarteko kideak delitu bat egin balute bezala atxilo eraman eta landareak eraman zituztenean. Zentzugabeko gertakari horrek drogen legalizazioaren inguruko debatea zabaldu du berriro. Hainbat lagun asaldatu egiten da legalizazio hitza droga hitzaren ondoan entzunda. Baina, droga legalik badela ahaztu gabe, eutsi beharreko eztabaida da. Eta artxibatutako auzi horrek ondo ilustratzen ditu droga-arautegi bat ez egoteak dakartzan ondorio penagarriak: konfiskatutako landareen zenbait kontsumitzailek «merkatu beltzera» jo behar izan zuten. Horixe da ilegalizazioaren ondoriorik tristeena. Helburu komertzialik gabeko landaketa aldarrikatzen da, arautua, arrazionala. Izan ere, arrazionaltasunak, askatasunarekin batean, izan behar du arautze hori bideratuko duen irizpidea. Zentzu horretan, Droga-politika Justu eta Eraginkorren aldeko Europako GKEen Koalizioak kalamuaren gizarte landaketaren gaineko debatea ireki du, Europako Parlamentuan aurkeztuko duen proposamen bat lantzeko asmoz. Kontua ez da inor droga kontsumitzera bultzatzea; aitzitik, gizarteak menpekotasunik gabe bizitzen ikasi behar du, eta helburu hori lortzen lagundu egin beharko litzaioke. Baina drogak errealitate bat dira, errealitate hurbil eta egunerokoa, eta prozedura zaharrek hots, ilegalizazio hutsak arazoa konpondu beharrean, biderkatu egiten dute. -
|