Igor Urrutikoetxea eta Eunate García - Lezamako Ezker Abertzalearen izenean
Iñaki Rike, duintasun eredu
Uztailaren 27an Iñaki Rike lezamarra gure artetik joan zitzaigun. Lezamakoa bazen ere, Euskal Herriaren aldeko borrokan bere bizitzako azken eguneraino koherente izateagatik Baionan topo egin zuen heriotzarekin, berak horrenbeste maite zuen geure herrixka honetatik urrun. Gatza egiten zaigu Iñaki gertutik ezagutu genuenoi berba bakar batean bere izana biltzea. Laguna, militantea, erreferentea, burkidea... hitz guzti hauek, bakoitza banaka hartuta eta guztiek batera ere, Iñakik Lezamako jendearentzat suposatu duena islatzen dute. Izan ere, Iñakiren ibilbide pertsonal zein militantea luze bezain oparoa izan da.1954ko urriaren 29an etorri zen Iñaki mundura Lezaman. Gazte-gaztetatik bere bizitzan beti mantenduko zuen konpromisoari eutsi zion alor ezberdinetan, herriko jaiak antolatzen, orduko Lezamako gazte lokalean ekimenak antolatuz... Lezamarekiko konpromisoari Euskal Herriaren aldeko konpromisoa uztartu zion berehala, eta independentzia eta sozialismoaren aldeko eguneroko militantzia politiko aktiboari ekin zion. Horrela, LABen sorreran parte hartu zuen Txorierrin metalgintzako greba luzeetan eta langileen defentsan sutsuki aritu zen Petronor-en ere 70eko hamarkadaren bukaeran eta 80koaren hasieran. Horren ondorioz, eta zigor modura, Galiza aldera bidali zuten, handik bueltatu zen arte, bere alaba Larraitz Euskal Herrian jaio zedin. 1983ko uztailaren 6ko gau beltzean Iñaki eta beste hamarren bat lagun atxilotu eta torturatu zituzten Lezama eta inguruetan. Orduantxe 17 urte luzeko kartzela egonaldi derrigortua hasi zen, eta Estatu espainiarreko espetxe ugari jasan behar izan zituen: Carabanchel, Alcala, Herrera, Badajoz, Valentzia, Mallorca, Salto del Negro, Albacete, Daroca, eta abar. Espetxe bakoitzean, gainera, borrokaldi ezberdinak eraman zituen aurrera euskal preso politikoen kolektiboaren barruan, horien artean hainbat gose greba, 42 egunekoa luzeena. 2000. urtean espetxetik atera eta berehala sartu zen herri bizitzan, jai batzordean parte hartuz eta Lezaman antolatzen ziren ekimen ezberdinetan egonik. Horren gogoko zuen arotz lanari ere berrekin zion, bere familiaren baserria txukuntzen zuen bitartean. Arotz on bezala bazekien Euskal Herria deritzon etxea eraiki beharra dagoela, eta, ildo beretik, kalean zela errepresaliatu politikoen aldeko borrokari eutsi zion, barruan utzitako lagunak beti gogoan baitzituen. Horretan ari zela, une zoriontsuenetakoa egokitu zitzaion bizitzea berekin atxilotu zuten Iñaki Bilbao lezamar presoa espetxetik atera zenean. Joan den urtean alde egin behar izan zuen errepresiotik ihesi, eta harrez geroztik Baionan bizi zen, iheslari kolektiboaren partaide izaki. Nabarmentzekoa da gazte jendearekin zuen gertutasuna, herrian beti gurekin arituz, bai borroka eginez, bai jai giroan ere. Topikoetatik harago, Iñakik lezamarroi, gazte eta ez hain gazteoi, gauza asko erakutsi dizkigula esan genezake, baina batik bat giza mailako umiltasuna eta borrokaren harrotasuna bateragarriak direla argi utzi digu. Ideien irmotasuna eta izaera ireki eta zabala uztargarri direla agerian utzi du. Horregatik izan da beti, eta da, hain maitatua eta errespetatua Lezaman pentsakera eta molde guztietako jendearengatik. Errespetu eta maitasun horren lekuko izan zen gure herriko plaza ere, ehunka lagun eta herritarrek harrera beroa egin genionean bere gorpuari joan den bariku arratsaldean. Lezamako PNVko agintariek, euren setakeria eta prepotentzia berriro ere agerian utziz, lezamar guztiona den udal aretoa Iñaki agurtzeko uzteari uko egin bazioten ere, Iñakik berak «aretorik» handiena, herriko enparantza, alegia, lepo bete zuen, aspaldi ikusten ez zen jendetza bildu baitzuen bere omenez egin genuen ekitaldian, adin, pentsakera eta toki guz-tietakoak. Lezaman harro gaude zutaz, Iñaki, ohore eta pribilegioa izan baita guretzat urte hauek, milaka memento eta bizipen, onak eta ez hain onak, zurekin konpartitzea. Harrotasun sentimendu hori Mari Karmen eta Larraitzekiko ere badugu, zuk duzun bezalaxe, egun guzti hauetan erakutsi duten duintasun eta tinkotasunagatik, maitasun eta samurtasunagatik. Eta beste gauzatxo bat Iñaki: datorren zapatuan, abuztuaren 5eko arratsaldean, omenaldia antolatu dugu Lezamako plazan zure ohorez eta kide dituzun euskal borrokalarien omenez. Badakigu ez zenuela gogoko protagonista izatea, baina beharrezkoa zaigu zu zeu eta zeure eredua gogoratzea, lagun eta burkideen artean bizipen eta oroitzapenak partekatzea. Euskal Herria bizi bada eta garai itxaropentsuen atarian bagaude, zulako jendeak eman digun borroka ereduari esker delako, eta hori ez da sekula ahaztu behar. Horregatik guztiagatik, eskerrik asko bihotz-bihotzez Rubio! -
|