- Berezkoak (Baionako Masterra)
Waltariren jokoak erabaki du lehenengo finalerdia
·Martinez de Irujo oso eroso aritu zen kubatarraren itzalpean
WALTARI - IRUJO 40 IBARROLA -
OZAFRAN 29
BAIONA
Waltarik eta Martinez de Irujok ezustean lortu dute Baionako Masterreko finala jokatzeko txartela. Atzokoan, ordea, zale guztiek txapela kendu behar izan zuten Waltari kubatarrak egindako partidarekin. Ia bi urtetan maila handiko partidarik jokatu gabe egon ostean, atzo sekulako erakustaldia egin zuen, eta ia berak bakarrik lortu zuen garaipena.Aurrean, atzean, sakeak bueltatzerakoan, denetan sartzen zen kubatarra, eta Irujok aspaldian jokatu duen partidarik erosoenetakoa izan zuen, lanik gehiena bere aurrelariak egin baitzion, eta bera lasai jokatzeko moduan izan zen. Egia da, baita ere, Ibarrolak eta Ozafrainek ez zutela eman duten mailaren erdia ere. Beraientzzat, horrelako partidak zailak dira, galtzeko asko eta irabazteko ezer gutxi izaten baidute. Irabazleak oso azkar aurreratu ziren 10-0, baina EPB-koak 20-15 eta 28-27 hurbiltzea ere lortu zuten, baina alferrik zen, Waltariri aurre egiteko dena eman behar baitzen atzo, eta Ibarrolak eta Ozafrainek ezin izan zuten hori egin. Partidaren amaieran, zaleek garbi zuten EPB enpresak, trinketeko esku pilota profesionalak duen enpresa bakarrak, ezin diola Waltariri ihes egiten utzi, eta bertako arduradunak, Jean Michel Idiartek, zera esan zion GARAri: «Oraingoz ez dugu horretaz hitz egin, baina berak nahi badu, eta ikusita nola dagoen, hitz egiten hastea bakarrik geratzen zaigu».
|