BAIONA
Gaur 20.00etan hasita jokatuko da Modernen Baionako Masterreko bigarren finalerdia. Bertan, Sorhuet eta Etxeto Idiart eta Ezkurra II.aren aurka neurtuko dira.
Dirua azkeneko biko horren alde dago. Haiek dira Binakako txapeldunak, eta haiek dira gaurko partida irabazteko faborito nagusiak. Dirua, behintzat, beren alde izango da.
Hala ere, Idiartek zer egingo ote duen zalantzaren bat edo beste ere badago. Hilabete pasatxo geldirik egon da min hartuta, eta gaur itzuliko da kantxetara. Ongi entrenatu du azkenaldian, baina partiden falta suma dezake. Hala ere, mutil indartsua da, eta Paxkal bezalako atzelari bat izanda, maila emango du.
Paxkal Ezkurra justu samar ibili da eskuetatik, baina azkeneko bi torneoetan ez du parte hartu atseden hartzeko, eta gaur berri-berri eginda aterako da Modernera.
Sorhuetek eta Etxetok zalantza dezente sortzen zituzten lehiaketaren aurkezpenean, biak azkenaldian ez baitziren ongi ikusi, baina joan den larunbatean jokatu zuten aurrekanporaketan denak uxatu zituzten. Partida bikaina egin zuten bai aurrelariak baita atzelariak ere, eta garbi utzi zuten haiei norbaitek irabazi behar baldin badie, lana gogotik egin beharko dutela.