Ipar Euskal Herriak karlistadetan izan zuen eraginaz erakusketa zabala KMko Ganbaran
·Karlismoaren kutsu erromantikoa adierazten duten dokumentu horietako asko familietan gorderik eduki dituzte
Mende bat eta gehiago da bigarren gerra karlista bukatu zela. Ipar Euskal Herriko familietan oraindik garaiko lekukotasunak gordetzen dira. Baionako Euskal Museoak eta Zumalakarregirenak elkar hartu eta erakusketa ikusgarria antolatu dute Koldo Mitxelenako Ganbara aretoan. Agertzen dituzten altxorretatik batzuk inoiz erakutsi gabeak dira. Tartean 1921ean «Pour Don Carlos» film mutua. Argazki, marrazki, margolan eta dokumentuak ere badira.
DONOSTIA
Ipar Euskal Herriak funtsezko papera jokatu zuen karlistadetan, karlistentzat babesleku eta oinarri logistiko izan baitzen. Baiona, ondorioz, liberal espainolen espioitza gune bihurtu zen XIX. mendean, eta gerrari buruzko informazioa lortzeko leku pribilegiatu ere bai. Europako egunkari garrantzitsuenek beren berriemaileak zituzten bertan. Ez da harritzekoa, beraz, gerra karlistei buruzko dokumentu eta materialik interesgarrienak gaur Ipar Euskal Herrian aurkitzea. Bertako 17 familiak eta Baionako Euskal Museoak utzitako ondareak jarri dituzte Donostiako Koldo Mitxelenako Ganbara aretoan atzo zabaldu zuten erakusketan. Mikel Alberdi Zumalakarregi Museoko dokumentazio arduraduna mintzatu zen erakusketaren mamiaz. «Lau sail nagusi ditu erakusketak esan zuen. Lehen sailean bi gerrate karlisten testuingurua eta europar potentziek izan zuten eragina aztertu dugu. Bigarren sailean Iparraldeak izan zuen papera jorratu da. Bi gerra horiei buruzko informazio leku bihurtu zen Baiona. Bertako egunkariek sekulako garrantzia hartu zuten eta bigarren gerra karlistan atzerriko berriemaileek izan zuten presentzia agertu nahi izan dugu. Espioitzaren gaiak ere zeresanik eman zuen. Armen hornikuntza guztiak Iparraldetik egiten zituzten karlistek, eta liberalak hori eragozten saiatu ziren. Hor dago Avinaretaren figura. Baionan izan zen, bestalde, ‘Bakea eta Foruak’ izeneko mugimendua. Gerra luze zihoan eta erbestean bizi ziren jauntxo batzuk erdi bide baten bila saiatu ziren, Muñagorri buru zutela. Muga pasatzeko zituzten moduak eta bitartekoak ere ageri dira sail horretan. Hurrengo sailean, laguntzarako erakundeak aipatu ditugu, Baiona Karlista Batzordea, esaterako», esan zuen.
Xaoren irudia Bitrina bat eskaini diote Agustin Xaori, eta bere “Voyage en Navarre”ren eskuizkribua jarri dute. «Gerraren beste ikuspegi bat eskainiko du, arrakasta izugarria izan zuena, bere liburuan gerraren muina ez zegoela auzi dinastikoan esan zuen, euskaldunen eta espainolen arteko auzian baizik. Nahiz eta bera errepublikazalea izan, karlisten alde egin zuen apustu», jarraitu zuen Alberdik. Bigarren Gerra Karlistan hartu zuen parte Gurutze Gorriak lehen aldiz Estatu espainolean, baina oraindik oso indar gutxi zuen, eta karlistek beren aldetik La Caridad erakundea sortu zuten, beren ospitale eta guzti. Azken sailean gerra haietatik gure imajinarioan geratu dena aztertzen da. Erakusten den materialaren artean aipagarriena Pierre Renoir-en “Pour Don Carlos” eleberrian oinarritu zen filma da, 1921ean egin eta galdutzat urte asko egin ondoren Cinematheque Françaisen aurkitua.
Karmele Barandiaranek, Zumalakarregi Museoko zuzendariak, bere museoaren egitekoa XIX. mendeko Euskal Herria ikertu eta ezagutaraztea zela esan zuen, eta museoak, beste erakunde batzuekin elkarlanean, egin dituen eta egiten ari den lanak gogoratu zituen.
Laguntzaileak eta negoziogileak
DONOSTIA Oliver Ribeton, Baionako Euskal Museoko zuzendaria, erakusketan dagoen material ineditoaz mintzatu zen. «Santa Kruz apaizak Lilletik Baionako Karlista Batzordeari idatzitako gutuna aurkitu genuen orain pare bat urte, eta horixe izan zen erakusketa hau eratzera bultzatu gintuen gertakaria. ‘A mis amigos de la frontera’ esaldiarekin hasten da gutuna, eta horixe da erakusketari eman diogun izenburua», esan zuen. Baiona kolore guztietako errefuxiatuen gordelekua izan dela gogora ekarri zuen, Fernando VII.ak botere absolutua berreskuratu zuelarik, esate baterako, euskal liberal pilo bat joan baitzen Baionara babes bila. «Bi tradizio ditugu, ondorioz, gurean, karlistena eta liberalena», jarraitu zuen. Erakusketan karlistei eman zieten laguntzaren lekukotasunak bildu direla gogorarazi zuen. «Baina, dena ez zen laguntza desinteresatua izan, negozio asko egin baitzen. Armen salmenta zen negoziorik handiena, baina Uztaritzeko alkateak, esaterako, ahalik eta etxe gehien hondatzeko eskatu zion Don Karlosi idazki batean berak etxegintzako materialak saltzen zituelako», esan zuen.
|