Izen ezagunak Lazkao Txiki bertso-paper lehiaketan
ORDIZIA
Joan den igandean banatu zizkioten Ordiziako Barrena kultur etxean Lazkao Txiki bertso-paper lehiaketako irabaztunei sariak eta irabazle horien artean izen ezagunak direla esan behar da lehenik eta behin. Gaztetxoetan, 13 urte bitartekoetan, alegia, Urretxuko Amaia Iturriotzek eraman zuen lehen saria, Eskolarteko Txapelketan ibilia den urretxuarrak. Zumarragako Ane Agirrek irabazi zuen bigarren saria eta Jone Alberdi urretxuarrak hirugarrena. Hirurek gai baten inguruan egin zituzten beren bertso jarriak:«Amaitzera doan ikasturtea» zen gai hori.
Hamalau urtetik 18ra bitartekoetan Karmele Mitxelena oiartzuarrak eraman zuen lehen saria “Nola biziko naiz orain” bertso sortagatik. Oier Aizpurua zarauztarrak irabazi zuen bigarren saria “Formulatzen” lanagatik. Biak ala biak dira behin eta berriz Eskolarteko Txapelketan arituak. Hirugarren saria biren artean banatu zuten: Mikel Olaizola elgoibartarrak “Akabo! odola garbitu nahian” lanagatik eta Ainhoa Mujika beasaindarrak “Askatasuna” lanagatik.
Helduen mailan lehen eta bigarren saria hutsik uztea erabaki zuen epaimahaiak eta hirugarren saria eman zion Nikolas Zendoiari “Baserritxo” lanagatik. Guztiek, sariak jaso ahala, beren bertsoak kantatu zituzten. Goierriko Bertso Eskola da lehiaketa antolatzen duena.
|