BAIONA
Oraingoz Internet bitartez soilik entzun daitekeen RadioKultura.com CSAk (Ikus-entzunezko Kontseilu Nagusia) Akitanian atera duen frekuentzia eskuratzeko aurkeztuko da. Frekuentzia eskatuko duten komunikazio talde handiekin lehiatu beharko duenez gero, elkarteen sostengua eskatu du irratiak, baita gizartearena ere.
Ostirala da egitasmoak aurkezteko eguna eta datorren asteetan erantzuna izatea espero dute. Irratiko arduradunek aditzera eman nahi izan dute gutxitan egiten dela frekuentzia eskaintza; azken aldia duela 10 urte izan zen.
Irratia kudeatzen duen Errobi Promotionseko arduradunek nabarmendu zuten Ipar Euskal Herrian euskaraz bakarrik emititzen duten Euskal Irratiez gain oso irrati elkarkor gutxi daudela. Irrati egitasmo berriak hutsune hori bete nahiko luke orain arte bezala euskaraz eta frantsesez eginiko emankizunen bitartez. Aldi berean, irratiak kostaldea eta barnealdea komunikabide bakar baten bitartez elkartu nahiko luke.
Hogei elkarte baino gehiagok eskaini zioten atzo sostengua irratiari. Izan ere, hainbat elkartek beren ideiak plazaratzeko beste komunikabide baten beharra sentitzen dutela adierazi zuten. Sostengua eskaini duten elkarteen artean Herri Urrats, Alternatiba, Aldudarrak, Eihartzea, La Ruée au Jazz eta Eki-Libre daude.