GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > FUTBOL 2006-09-13
Aitziber Juaristi «Tzibi» | Athleticeko jokalaria
«Athleticera itzultzeko ez dut askorik pentsatu behar izan»
Hiru Superliga irabazi eta gero, Athleticek bosgarren postuan bukatu zuen iazko denboraldia. Urte gogorra izan zen iazkoa, entrenatzailea aldatzeak eragina izan baitzuen taldean.Tzibi-k, esaterako, taldea utzi zuen denboraldi erdian. Iñigo Juaristiren itzulerarekin, getxotarrak bide bera hartu du eta dioenez, ez du «askorik pentsatu behar izan».

Zortzi zenbakiarekin jokatzen du Julen Guerrerok bere garaian bezala. Kasta oneko jokalaria da eta berriro Athletic lehen postuetan ikusteko gogotsu dago.

­Urte gogorra izan zen iazkoa; beste giro bat sumatzen al da orain taldean?

Nire ustez, argi dago. Iaz entrenatzaile aldaketa izan genuen eta guretzat, ia gehienentzat, zaila izan zen gainditzea. Hala ere, giroa gure artean beti izan da ona.

-Noraino hel daiteke aurten taldea?

Aurreko postuetan egoteko borrokatu behar dugu. Azken batean, ia hiru Superligak irabazi genituen jokalari berak gaude-eta. Baina lortzen ez bada, ez da ezer gertatzen. Garrantzitsuena gustura entrenatzea eta jokatzea da.

-Berdinketa batekin eman diozue hasiera ligari. Zuk ezin izan zenuen jokatu, zer komentatu dizute taldekideek?

Denboraldi hasieran ikusi ahal izan dugu ondo gabiltzala. Emaitzak hasieratik heltzen badira hobe eta, bestela, poliki-poliki. Esan didatenez, gustura geratu ziren egindako jokoarekin. Aukera ugari eduki genituen eta beraiek izan zuten bakarrean gola egin ziguten. Gainera, gol bat baliogabetu zigun epaileak eta penalti bat huts egin genuen. Zelai hori zaila da jokatzeko eta edozein baloi aukera bihur daiteke. Nahiz eta puntu bakar bat eskuratu, pozik gaude hasierarekin.

-Denboraldi erdian taldea utzi eta gero zergatik hartu duzu itzultzeko erabakia?

Gauzak aldatu egin direla uste dut. Lehen taldea aurrera eramaten zegoen jendea ez zen aproposa nire ustez. Futbola niretzat afizio bat da, eta gustura ez banago joan egiten naiz. Nik dena ematen dut normalean eta ondoan dagoen jendeak ere gauza bera egitea gogoko dut. Entrenatzailea eta koordinatzailea ez zeuden nire aburuz inplikaturik eta gaizki egon beharrean, uztea erabaki nuen.

-Gogorra izan zinen Zuzendaritzarekin taldea uzterakoan, orain berdin pentsatzen duzu?

Une hartan ez geniela axola pentsatzen nuen, baina orain badirudi baietz. Ondo portatu dira, gehiago inplikatzen den entrenatzaile bat ekarriz. Nire itzulera ez zen erraza, beraien kontra esan nituen gauza guztiak zirela-eta.

-Norbaitek eskatu dizu itzultzeko edo zure erabakia izan da?

Iñigok ­entrenatzaileak­ deitu zidan hitzaldi bat eduki zuela taldearekin eta ea bueltatu nahi nuen galdetu zidan. Eta egia esateko, ez da askorik pentsatu behar Athleticera itzultzeko.

-Zer da aldatu dena?

Entrenamendu motak, planteamendu motak... Azken batean, guztiak norabide berberean joatea eta gauzak ilusioarekin egitea.

-Ibilbide luzea daukazu emakumezkoen futbolean eta barrutik bizi izan duzu azken urteetako eraldaketa. Ezberdintasun handia dago Bizkerre, Sondika, Leioa eta Athleticen artean?

Lehen zelaiak txarrak izaten ziren eta materialik gabe aritzen ginen. Ezberdintasun horiek asko nabaritzen dira. Baina alderik nabarmenena Athleticen armarria eramatea da eta horregatik jendeak askoz gehiago jarraitzen gaituela. Gainera, elastiko horrekin kanpoan jokatu ahal izatea sekulako ohorea da.

-Gero eta gehiago ari da hazten emakumezkoen futbola.

Urteak pasatu dira eta aurrera doa. Gizonezkoek ehun urte baino gehiago daramatzate jokatzen, gu geroago hasi gara eta, nire ustez, oraindik denbora asko behar dugu. Hala ere, hazten doa eta Lehen Mailako taldeek emakumezko taldeak ateratzen badituzte, gero eta gehiago haziko da.

-Gogorra izan behar du goizez lan egin eta arratsaldean entrenatzera joatea, ezta?

Guztiok egiten dugu. Batzuk ikasi eta besteok lan. Niretzat sekulako zortea da goizez lan egin eta arratsaldez entrenatzera joan ahal izatea. Beste batzuk gimnasiora joaten dira. Bere burua zaintzen duen jende arruntak zerbait egiten du eta guk dugun zortea da Athleticen egotea da.

-Ezberdintasun itzela dago gizonezkoen eta emakumezkoen artean. Zer deritzozu?

Ezin dut konparatu. Egiten dudana niretzat onena da. Hilabete batzuk egon naiz jokatu barik eta zerbait falta zitzaidan. Ez dut lan bezala hartzen, zaletasun bat da. Egunerokotasunetik irteteko balio didana.

-Profesionaltasuna laster helduko dela uste duzu?

Zer edo zer badago, baina zaila dela uste dut. Diru iturri asko lortu behar dira eta horretarako oihartzuna eta salmentak asko handitu behar dira. Enpresa guztietan bezala, bestela nork emango du dirua ezer ez ateratzeko?

-Nolakoa izan zen Atletico Madrilen bizitako esperientzia?

Beldur apur batekin joan nintzen oso etxekoia naizelako eta Madrilek ez daukalako zerikusirik Bilborekin, baina kristorena izan zen. Jende bikaina ezagutu nuen eta ilusioa berresku- ratzeko balio izan zidan.

-Eta euskal Selekzioaren lehen partida Argentinaren aurka?

Oso garrantzitsua pauso berri hau ematea. Euskal Selekzioarekin oilo ipurdia jarri zitzaidan aurrekoan eta Espainiakoarekin ez litzaidake hori gertatu- ko. Ziur nago hemendik aurrera partida gehiago egongo direla, lehen pausoa baita zailena.

-Bere garaian uko egin zenion Espainiarekin jokatzeari, arazorik izan zenuen federazioarekin?

Ondo portatu ziren nirekin. Beraientzat ni ez joatea hobe zela azaldu nien ez nuelako joan nahi eta nahi bazuten fitxa kentzea zeukatela. Ez nuen bidezkoa ikusten taldekide bati ereserkiarekin oilo ipurdia jartzea eta nik ezer ez sentitzea. Ez zitzaidan gustatuko horrelako taldekide bat izatea eta beraientzat ere hobe zen, niretzat ez baita nire selekzioa.-


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
La Audiencia Nacional activa ahora el mayor juicio por «kale borroka»
Ekonomia
Reckitt Benckiser anuncia el cierre de la planta de Gueñes, que afecta a 190 empleos
Mundua
Siria frustra un ataque contra la embajada de EEUU en Damasco tras el aniversario del 11-S
Kirolak
El joven Antón emula a Laiseka y se estrena
Jendartea
Europistas debe indemnizar por «daño moral» a afectados por la nieve en 2004
Jendartea
El Papa tacha de «irracional» la teoría de la evolución
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss