GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > HERRI KIROLAK 2006-09-13
- Aikzora
Koxe Bikondoa, Guiness liburuko bost errekor bereziren jabea
·Besteak beste, aizkoran buruz behera, begiak itxita eta hankapaloen gainean egin ditu

DONOSTIA

Koxe Bikondoa aizkolariaren jarduera ere berezia da. Egun Guiness liburuko bost errekorren jabea da, baina askok ezagutu ere ez dute egiten.

59 urteko gizon hori Legasan sortu zen, Nafarroan, baina 17 urte besterik ez zituela joan zen bizitzera Altzurukura, Zuberoara, eta han eman ditu bere bizitzako urterik gehien, eta han egin du bere bizitza osoa. Beraz, aizkolari zuberotarra dela ere esan daiteke.

Honako marka hauek agertzen dira Guiness liburuan; lehenengoan, 13,60 metroko altueran moztu zuen enborra aizkorarekin, baina lotu gabe. Hurrengo marka ere aizkorarekin egin zuen, hamar metroko altueran enborra moztuz, baina begiak itxita. Hirugarren errekorra motozerrarekin egin zuen zortzi metroko altueran, 35 epai eman baitzituen bata bestearen gainean utzita, eta lurrera erori gabe. Laugarrena aizkorarekin egin zuen, buruz behera zintzilik jarri eta enborra moztuz, eta azkenekoa orain dela hilabete pasa egin zuen, hankapaloen gainean moztu baitzuen enborra aizkorarekin.

Marka berezi horien nondik norakoak argitu zizkion GARAri Bikondoak: «Beti zerbait egin nahi duzu, ezberdina, besteek egiten ez dutena. Gauzak ikusten dituztu, probatu, entrenatu asko, eta egin dezakedala ikusitakoan aurrera», esan zuen.

Egindako bostak zailak izan direla esan zuen: «Hala ere, niretzat zailena hankapaloen gainean egindakoa da, hori baita azkena egin dudana. Oso urduri plazaratu nintzen. 59 urte ditut eta banekien ez nuela beste aukerarik izango. Hiru urte eman ditut entrenatzen, eta ongi moldatzen nintzen hankapaloen gainean, baina plazaratu nintzenean ia ezin nintzen zutik ere egon. Hala ere, uste baino denbora gehiago pasatuta izan bazen ere, lortu nuen helburua», esan zuen zuberotarrak.

Garbi dauka beste marka ahaleginik ez duela egingo: «Ez, ez daukat adinik. Orain erakustaldiak egiten ditut. Aizkoran buruz behera edo hanka-paloen gainean, bietako bat egiten dut, biak batera ez.Gero, motozerrarekin altueran mozten dut, eta azkenik motozerrarekin irudia egiten dut. Horiek egiten jarraituko dut, baina marka gehiagorik ez dut egingo», aitortu zuen Koxe Bikondoak.

Hala ere, betiko aizkora zaleentzat kirola baino gehiago da zirkua, bai aizkoran hanka paloen gainean aritzea, buruz behera edo begiak itxita aritzea. Horiei zera esango lieke Bikondoak: «Erraza izaten da besteei aritzea. Buruz behera, begiak itxita, edo hankapaloen gainean enborra mozteko ordu asko sartu behar dira, asko entrenatu behar da. Arriskuko gauzak dira, eta aizkorako teknika ongi menderatu behar duzu. Garbi dago kolpe gutxi huts egin behar direla, bestela oso kaltegarria izan daitekeelako, batez ere buruz behera aritzen zarenean». Egindako guztiak egin, Hego Euskal Herrian oso ezezaguna izaten jarraitzen du. Horren arrazoiak ere eman zituen: «Garbi dago Ipar Euskal Herrikoak Hego Euskal Herrian oso ezezagunak garela, baina uste dut edozertan garela. Baina badira gauza gehiago ere. Inbidia ere handia dago kirol honetan, eta besteek egiten ez duten zerbait badago, ahal bada baztertu egiten da. Uste dut denetarik dagoela», esan zuen.

Etorkizunari begira jarrita, ez du uste Euskal Herrian berak egiten dituen gauzak beste inork egingo dituenik: «Zaila ikusten dut. Asko entrenatu behar da gauza hauek egiteko, baina gero arriskua ere hor dago. Horretarako zure kontura aritu behar duzu lanean, eta zuk izan zure aseguruak. Enpresa batean lanean ari bazara, zaila da gauza hauek egitea. Mina hartuz gero lanik gabe gera zintezke, eta hori inork ez du nahi. Bestalde, gaurko gazteei ere sufritzeko gogo gehiegi ez diet ikusten», esan zuen.



Aizkora baino pilota nahiago zuen gizona

DONOSTIA

Koxe Bikondoa aizkoran berandu hasi zen. Pilota zen bere gustuko kirola, eta gazte denboran horretan aritu zen. Gerora hasi zen aizkoran.

«Altzurukun herri kirol taldea sortu zen, eta aizkoran hasi nintzen, beste bat eta biok hasi ginen, eta ongi aritzen ginen. Hemengo herririk gehienetako festetan izaten ginen, baina bestea dopatzen hasi zen. Nik taldeko presidenteari esan nion, eta nik ere banekiela zer egin esan zidan, eta nik orduan herri kirolak uztea erabaki nuen», aitortu zuen Bikondoak.

«Gerora, saralegitarrak ikusi nituen altueran enborrak mozten, eta orduan al- tuerako aizkora probatzea erabaki nuen. Hasieran oso gaizki aritzen nintzen, baina entrenamenduen poderioz hobetzen joan nintzen, eta azkenean marka hauek egitera ere iritsi naiz», gaineratu zuen.

Entrenamenduak, berriz, jai egunetan egiten ditu: «Nire kontura egiten dut lan, baina astean, uda kenduta, zaila da entrenamendurik egitea. Larunbatetan eta igandeetan aritzen naiz orduak sartzen, udako erakustaldietan ahalik eta lanik politenak egiteko», aitortu zuen.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
La Audiencia Nacional activa ahora el mayor juicio por «kale borroka»
Ekonomia
Reckitt Benckiser anuncia el cierre de la planta de Gueñes, que afecta a 190 empleos
Mundua
Siria frustra un ataque contra la embajada de EEUU en Damasco tras el aniversario del 11-S
Kirolak
El joven Antón emula a Laiseka y se estrena
Jendartea
Europistas debe indemnizar por «daño moral» a afectados por la nieve en 2004
Jendartea
El Papa tacha de «irracional» la teoría de la evolución
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss