Auzitegi bereziak erabakiko du Bidart askatu edo ez
Filipe Bidarten askatasun eskaera aztertuko dute Parisen urriaren 2an. Bigarren eskaera dute jada, eta berrikitan izandako lege aldaketa dela-eta, zigorren aplikazioaz arduratzen den auzitegi berezi batek aztertuko du. Aske geratzeko baldintza guztiak betetzen dituen arren, sostengu taldekoek kezka agertu dute, «auzitegiaren izaera politikoagatik».
BAIONA
Bigarren askatasun eskaera pausatu zuenetik hamabost hilabete igaro direlarik, urriaren 2an aztertuko dute berriro hemeretzi urte espetxean daramatzan Filipe Bidart euskal presoaren kaleratzea. Troyeseko Auzitegiak joan den urtarrilaren 26an Bidartek aske geratzeko baldintza guztiak betetzen zituela adierazi bazuen ere, behin betiko erabakia hilabete batzuen buruan hartzea deliberatu zuen. Alta, bitartean, lege-aldaketa izan da, eta, maiatzaz geroztik, «terrorismo aferekin» zerikusia duten presoen zigorren aplikazioa Parisko auzitegi bereziaren gain geratu da. Hiru epailez osatutako auzitegi horrek, beraz, berriro aztertuko du eskaera. Entzunaldia bideokonferentzia bidez egingo dute. Preso baigorriarrak Clairveaux-eko espetxetik jarraituko du auzia, abokatu baten laguntzarekin. Bere ohiko defen- datzaile Aña-Marie Mendiboure, berriz, Parisen izango da. Hain zuzen ere, atzo, Filipe Aska! sostengu taldeak Baionan egindako agerraldian, Mendibourek kezka agertu zuen, izan ere, «auzitegi bereziaren izaera politikoak» erabakia baldintza baitezake:«Jurisdikzio aldaketarena kontu garrantzitsua da adierazi zuen. Lege tresneriaren indartze horrek, gainera, Filiperen kasutik harago, gainerako presoei ere eragingo die». Kezka bertsua adierazi zuten Battitta Amestoi eta Terexa Mitxelena sostengu taldeko ki- deek. Biek ala biek nabarmendu zuten erabakia «bake-prozesuaren abagunean hartuko dutela:«Euskal eragile andanak prozesua bultzatzeko nahikeria adierazi du, eta ekintza zehatzak egiten ari dira. Haatik, bi gobernuek ez dute beren jarrera errepresiboa aldatu. Abagune horren erdi-erdian aztertuko dute Filiperen eskaera». Aske geratzeko baldintza guztiak betetzen dituenez, Parisek kontrakoa erabakiko balu, ulertezina izango litzatekeela gaineratu zuen Amestoik:«Ezezko bat, orain, gerra berpizte gisa har daiteke testuinguru honetan».
Mobilizatzea, garrantzitsua
Horregatik, Filipe Aska! taldearen esanetan, garrantzi berezia dauka mobilizazioak indar- tzeak. Hala, datorren larunbaterako, irailak 30, manifestazioa antolatu dute, 15.00etan Baionako auzitegi aitzinetik abiatuko dena. Eta entzunaldia izango den egun berean ere, hots, urriaren 2an, elkarretaratzea egingo dute toki berean, 19.00etan.Sostengu taldearen zioekin bat eginez, hainbat alderdik eta mugimenduk mobilizatzera deitu dute, artean, Batasuna, AB, Aralar, EA, LCR, Matalaz, Ahaideak, Askatasuna, OIP, sostengurako gazteak, AC, Bilgune Feminista, CDDHPB, ELB, LAB, Berdeak, Etxerat, Demoak, Segi, Stop la Guerre, Herria Bizi dadin, Giza Eskubideen Liga. Horietako batzuk presente ziren atzoko agerraldian. Elkartasunezko CDa egin dute hamabost musika
taldek
Duela bi urte Bidarten askatasuna lortzeko hasitako kanpainan jaso dituzten elkartasun eta sostengu ugariak zerrendatu zituzten. Azkenetakoa, hamabost musika taldek egindako CDa. Filipe aska! du izenburua eta Euskal Herriko, Tolosako, Parisko eta Austriako taldeek egin dute. Elkartasun adierazpen guztiak euskal preso guztiei zuzenduta daudela esan zuten sostengu taldekoek: «Gure helburua preso guztien eskubideak errespetaraztea delako». -
|