DONOSTIA
Gasteizko San Frantzisko elizan leihoetatik gas poteak bota eta barruan ziren langileak atera ahala Poliziak tirokatu zituenean Lluis Danesek, “La revolta permanent” filmaren egileak, oso urte gutxi zituen. Ondoren, noski, bere sasoiko gazte askok bezala, Trantsizioari buruzko irakurketa ohikoak egin zituen, telebistako sailetan, esaterako. Lluis Llachi buruzko film artistiko bat egiten hasi, Gasteizko gertakariekin topo egin, eta hasierako planak goitik behera aldatu zituen, eta “La revolta permanent” atera zaio, hain zuzen ere, Gasteizko gertakarietan oinarritutako dokumentala. Film horretan protagonismo partekatua dute kantariak eta gertakarien biktima izan zirenek, hildakoen familiakideek eta adiskideek.Filmak bukaera bikaina du. Llachek berak Gasteizen martxoaren 3an eman zuen kontzertuko irudiak ditu, nagusiki, baina horiekin tartekatuz egun horretan bertan Ertzaintzak desegin zuen manifestaziokoak agertzen ditu. Irudi horietako batean biktimen elkarteko bozeramaile Andoni Txasko ikusten da erizain batzuek nola arrastaka daramaten. Autoan sartu aurretik, garaipenaren zeinua egiten du behatzekin. Ez zuen egun hartan Llachen kontzertu ikusgarrian egoterik izan, ospitalean baitzegoen. Atzo filmaren aurkezpenean izan zen. «Ez dut oraindik filma ikusi. Nahiago dut Belodromoan bertan inguruan jendea dudala ikustea. Seguru hunkigarria izango dela», aitortu zuen, eta berak ordezkatzen duen elkartearen izenean eskerrak eman zizkien filma egin dutenei. «Hilketa izan zen egunean bertan idatzi zuen ‘Campanades’. Requiem ezin ederragoa da kanta hori. Eta film honek gertatuaren berri emango du hemen eta kanpoan. Gazte belaunaldi berriek 1976ko martxoan zer gertatu zen jakin dezaten ere balio dezake lanak», esan zuen Andoni Txaskok.
«Hasieran biografia moduko bat egin nahi nuen, film artistiko bat. Urtebetez, itzal bat bezala, bere atzetik ibili eta bere karrera osoa islatu nahi genuen. Baina, Lluis Llach pertsonaia poliedrikoa da, eta gidoia egiten ari ginelarik ‘Campanades a mort’ kantarekin topo egin genuen. Kanta horren aurrekariak aztertzen hasi orduko hilketa anker batekin egin genuen topo. Gertakari hori ezkutatuta zegoen, Lluis hartu eta historia hori josi ahal izateko hari moduan erabili dugu», esan zuen zuzendari gazteak.
«Zuzendariaren eskema guztiak hautsi zituen historiak, eta egitasmo honetan gehien pozten nauena zera da, historia kontatzeko aitzakia moduan erabili nautela. Historia horren bidez Trantsizioaren irakurketa egiten da», esan zuen Lluis Llachek berak.
30 urte geroago
«Gasteizen gertatu zena Franco ondoko lehen estatu hilketa izan zen, eta Estatu horren ordezkari diren gobernu demokratikoki hautatuek ez dute justizia egiteko inolako asmorik agertu, ez dira gai izan gutxienez biktima izan zirenen memoria historikoa berreskuratzen laguntzeko. Azken egunean guk kontzertuaren irudi batzuk grabatzea besterik ez genuen nahi, eta egun horretan bertan beste basakeria bat gertatu zen, biktimen elkarteak antolatutako manifestazio bakioso baten kontra kolpatu baitzuen Ertzaintzak», jarraitu zuen Lluis Llachek.
Dokumentala biktimen ikuspegitik egina dago, baina egileak saiatu ziren Fraga Iribarnerekin eta Martin Villarekin ere mintzatzen. «Lehenak ezetza eman zigun, eta artxiboko irudiak erabili ditugu. Hilaren 5ean eman zuen prentsaurreko hori izugarri gogorra izan zen. Martin Villak, aldiz, elkarrizketa eman zigun bere tesiak defendatzeko, eta irudi horiek erabili ditugu. Bi arduradun horiez gainera beste hainbaten lekukotasuna bildu nahi izan genuen, baina oso zaila da, Trantsizioaren ondorioetako bat horixe baita, garaiko gertakarietan erantzukizuna zutenak ezin direla aurkitu», esan zuen zuzendariak.Ea gauean zer kantatzeko asmoa zuen galdetu zioten, eta ohikoa duen umorearekin erantzun zuen. «Zinemaldiko zuzendaritzak filma girotzeko zerbait joko al nuen galdetu zidan, eta garaiko hiruzpalau kanta abestu eta testuingurua argitzea izango da onena. Baina ez dakit seguru zer kantatuko dudan. Bizpahiru aldiz kantatu dut Anoetan, baina orain bertan joan behar dut hotsarekin frogak egitera. Dena den, abantaila bat ere badut, dudan adinarekin gauzak ahaztu egiten zaizkit. Garaiko kanten hitz gehienak ahazturik ditut. Beraz, buruan ditudan lauzpabost kanta abestu beharko ditut», esan zuen.
Argi izpiak iluntasunean
Garaiko kontzertuen giroaz ere mintzatu zen Lluis Llach dokumentalaren aurkezpenean. «Katakunbetan bizi ginen. Komunikabideak kontrolaturik zituzten. Kantagintzari buruzko arautegi zehatzik ez zuen, ordea, frankismoak. Kantariok, beraz, gure abestietan mezu ezkutuak erabiltzeko aukera genuen. Jendeak guri musika baino zerbait gehiago eskatzen zigun. Mila lagun edo hiru mila elkartzen ginenean, konplizitate izugarria sortzen zen gure emanaldietan. Iluntasunean bizi ginen eta iluntasun horretan ikus zitezkeen argi izpiak ginen gu», esan zuen.
Dokumentala estreinatzeko agertokirik ederrena Belodromoa dela uste zutela gogora ekarri zuen ekoizleak. «Zinemaldiari eskerrak eman beharrean gaude agertoki hori utzi digulako. Euskal Herriari buruz hitz egiten duen filma izaki, Euskal Herrian estreinatzea nahi genuen», esan zuen.
Dokumentalaren izenburuari buruz mintzatuz bukatu zuten aurkezpena. «Ahanzturaren eta injustiziaren kontrako errebolta adierazten du izenburuak, eta horixe izan da filmeko protagonisten bizitza adierazten duen hitza ere», esan zuen Lluis Danes zuzendariak.