Erraustearen kontrako manifestazioa gaur Hernanin
HERNANI
Urumea Bailara Bizirik errausketaren aurkako taldeak deituta, manifestazioa izango da gaur, arratsaldeko 18.30ean, Hernanin. Gudarien plazatik abiatuko da manifestazioa eta helburu dauka, berriz ere, Gipuzkoako Aldundiak eta mankomunitateek eraiki nahi duten errausteko plantaren aurka agertzea. Urumea Bailara Bizirik taldekoek esan dutenez, kokalekua bat edo bestea izan azken datuen arabera Zubietan ezartzea hobesten da, «errausketa sistemaren beraren aurka» daude, «ondorio larriak» baititu inguruko bizilagunen bizi kalitatean eta osasunean. Bestelako alternatiben alde agertu da aipatu taldea, «egon badaudelako».
«Errausketarik ez» lemapean egingo dute manifestazioa, eta deia egin diete Hernani eta inguruko herritarrei; «guztiok izango baikara kaltetuak».
|