BILBO
EAJko EBBko idazkari Josune Ariztondok nabarmendu zuen alderdien alde biko bilkuren fasea «agortuta» dagoela, eta, horregatik, alde anitzeko batzarretara pasatzeko garaia dela.Ariztondok agerraldia egin zuen atzo goizean, Bilboko Sabin Etxea egoitza jeltzalean, alderdikide Manu Allenderekin. Kazetariek atzo hainbat hedabidek ateratako albiste bati buruz itaundu zioten: Josu Jon Imaz jeltzalea, PSEko Patxi Lopez eta Arnaldo Otegi (Batasuna) Elizondon bildu zirela zioen hark, alderdien mahaia osatzea azkartzeko helburuarekin.
«Bilkura hori ez da egin. Bertan aipatzen da, gainera, EAJk ezeztatu egin duela. Azken asteotan eta hileotan alde biko bilerak sarri egin dira; batzuen berri izan da eta beste batzuena ez. Baina hor esaten dena ez da egia», nabarmendu zuen.
Ohiko hitzordua, Forondan
Nolanahi ere, atzoko prentsaurrekoak beste helburu bat zuen: asteburuan egingo duten Alderdi Egunaren berri ematea.
Biharko hitzordua aurten ere Forondan antolatu dute, eta «Euskaldunon hitza» izango du lelo. Hala, bertan mezu «positiboa» igorri nahi dutela azaldu zuen Ariztondok: «Bakea, eskubidea, erabakitzea, lana. Hitz horiei buruzko mezua eman nahi dugu. Erabakitzen eta herri hau eraikitzen jarraitzeko gure borondatearen adierazle».Aurtengoa hogeita hamargarren edizioa du Alderdi Egunak, eta ohi denez, urte politiko berriari jai giroan hasiera emateko baliatzen dute.
Adierazi zutenez, igandeko «ekitaldi sinboliko nagusietakoa» eguerdian izango den ikurrinaren jasotzea izango da. Beti Duñabeitia eta Itziar Andone- gi arduratuko dira horretaz; batek San Mamesen estreinako aldiz igo zuen ikurrina Athleticeko presidente zenean; Ando- negi, berriz, Sabin Etxean aritzen da normalean lanean.
Ekitaldi horren ondoren, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak eta Josu Jon Imazek hitzaldiak emango dituzte.
Bestetik, hitzordura beste 17 alderdi politikotako ordezkariak ere joango dira; BNGm-ko CDCko, UDCko, Partido Andalucistako, Frente Polisarioko edo Kurdistango Alderdi Demokratako kideak, esaterako.
Osterantzean, Manu Allendek nabarmendu zuenez, gazteentzako gune zehatzik ez da falta izango, ez eta 30 txosna ere (iaz baino bi gehiago). Forondako zelaietan 100.000 metro karratuko lekua baliatuko dute ekitaldirako; 300.000 m2 aparkalekuetarako, eta 40.000 m 2, be- rriz, EGIren kanpaldirako (atzo arratsean abiatu zuten).
Eguraldiak asko laguntzen ez badu, estalitako lekuak izango dituzte prest.
Teknologia berriei etekina ateratzeko, ekitaldia Internetez emango dute zuzenean, alderdiaren web orrialdean. Berritasunen artean, Allendek aipatu zuenez, aurten «bluetooth»-aren bidez telefono mugikorretarako informazio zerbitzua eskainiko dute, besteren artean.
Tonbola izango dela ere esan zuten. Iaz lortutako dirua Down sindromedunen inguruan lanean ari diren elkarteei eman zieten; oraingoan, berriz, Alzheimer gaitzaren aurkakoentzat izango da etekina.