Arkaitz BASTERRA | Dokumentalaren zuzendari eta gidoigilea
«Eta zuk, ikusle, zer daukazu munduari eskaintzeko?»
Astelehenean estreinatuko du zornotzarrak bere aurreneko dokumental luzea Zabaltegin, eta eguna iristeko irrikaz dago. Sentitzeko pelikula da, bost artista euskaldunek bizitzaren aurrean duten jarrera erakusten duena eta publikoari galdera bat planteatzen diona: «Zer daukazu munduari eskaintzeko?».
Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Mikel Valverde,
Bingen Mendizabal eta Rafa Rueda dira «Agian» pelikula berriko protagonistak.
Bizitza ikusteko modu bat erakutsi zioten Arkaitz Basterrari New Yorken:
baikorra, konplexurik gabea, beti aurrera egitekoa... Eta eurekin bizitakoa
kontatzeko beharra sentitu zuen. Horrela jaio zen astelehenean Zabaltegin
estreinatuko duten dokumentala.
Zer moduz zaude? Urduri?
Eguna heltzeko gogoarekin nago, baina nahiko lasai (kar kar). Zinemaldia barrutik bizitzen ari naizen lehendabiziko aldia da. «Agian» da nire aurreneko film luzea eta pozik nago jaialdirako aukeratu dutelako, zorteduna naizela sentitzen dut. Konturatzen zara ikusi dutenei gustatu zaielako dagoela pelikula hor, eta orduan pentsatzen duzu zerbait egiten ari zarela. Konfiantza pixka bat hartzen duzu. Publikoak filma ikusteko irrikaz nago. Zinemaldiak aukera ona ematen du, eta hori da pozten nauena.
Lehendabiziko dokumental luzea egin duzu. Nolako esperientzia izan da?
Sekulako esperientzia. Denbora luzean egindako lana da, dokumentalek eurek markatzen baitute denbora, eta zuzendariak ezin baitu guztiz kontrolatu. 2003ko martxoan egin genituen lehendabiziko grabaketak eta aurten amaitu dugu pelikula. Ia hiru urte eman ditugu. Harreman oso ona izan dut protagonistekin eta hori garrantzitsua da, dokumentaletan eta denbora luzeko proiektuetan protagonisten lagun izan behar delako. Lasai egon daitezen eta inongo arazorik gabe hitz egin dezaten. Diren modukoak izan daitezen. Prozesu luzea izan da, gogorra ere bai une batzuetan, eta asko ikasi dut.
Zein zailtasun izan duzue?
120 ordu grabatu genituen eta 80 minutu ditu filmak. Muntatzeko prozesua benetan luzea izan zen, irudiak aukeratu behar zirelako eta pelikularako egokienak zein ziren ikusi. Nire elkarrizketa maiteena pelikulatik kanpo geratu da, nahiz eta era batera edo bestera sartzen saiatu nintzen. Editoreak ohartarazten zidan ez ziola filmari laguntzen, eta nik ere banekien, baina hala ere ez nuen etsitzen.
Nola deskribatuko zenuke «Agian»?
Publikoak ez du su artifizialik ikusiko eta filma barneratzeko astia izanen du. Ikusi eta denbora batera ere pentsarazi egingo diola uste dut. Sentitzeko pelikula da, bizitzaren aurreko jarrera bat erakusten duelako: protagonistena. Bakoitzak barruan daukana atera eta besteekin komunean zer izan dezakeen azaltzen du. Zera galdetzen dio ikusleari: «Zer daukazu munduari eskaintzeko?».
Zein da bizitzaren aurreko jarrera hori?
Hori jendeak ikustea gustatuko litzaidake (kar kar). Protagonistek bizitza ikusteko modu bat erakutsi zidaten ezagutu nituenean:baikorra, konplexurik gabea, aurrera egitekoa beti... Jarrera horrek izugarri lagundu zidan une hartan. Eurekin bizitakoa kontatzeko beharra sentitu nuen eta horrela sortu zen dokumentala egiteko ideia.
Artista talde hori New Yorkera joan zen eta bertan ezagutu zenuen, ezta?
Zuzendaritza ikasketak egiten nenbilen eta New Yorken bizi nintzen. Kirmen Uribek poesia irakurri behar zuen eta besteak hari laguntzera joan ziren. Mikel Urdangarin zornotzarra da eta banuen harremana berekin lehenagotik, gainerakoak han ezagutu nituen, ordea. Akademiarako dokumental proiektua egin beharra nuen eta grabaketak eurekin egiterik banuen galdetu nien. Lan laburra aurkeztu nuen akademian, baina film luzea sortzea erabaki genuen gero, lagun egin ginelako.
Honako galdera egiten du Kirmen Uribek dokumentalean: «Auzo bakar batean sartzen den komunitateak zer eskain diezaioke munduari»?
Seiehun edo zazpiehun euskal hiztun izango gara eta tokia izango litzateke denontzat New Yorkeko auzo bakar batean. Hala eta guztiz ere, zer eskaini badugula konturatu ziren artistak New Yorkeko egonaldian. Bertakoei gustatu egin zitzaizkien emanaldiak, eta horietatik sortu zuen boskoteak “Zaharregia, txikiegia agian”. Dokumentalak proiektua nola sortu eta garatu zen azaltzen du.
Zur eta lur gelditu ziren New Yorken ikusitakoarekin. Zu ere harritu al zintuen hiriak?
Ez nuen uste herritarrak hain abegitsuak zirenik. Negu hotzean iritsi nintzen arren, leku beroa iruditu zitzaidan. Ondo sentiarazi ninduen eta orain bigarren etxetzat daukat.
Euskaraz egin duzue dokumentala, ezta?
Hizkuntza bat baino gehiago dago filmean, protagonista guztiek ez baitakite euskaraz. Gaztelaniaz edo ingelesez aritzen dira batzuk, baina euskara da hizkuntza nagusia. Iruditzen zait publikoak ahaztu egingo duela zenbait pertsona ez dela euskaraz ari, hizkuntza hori maite dutela argi erakusten baitute denek. Garrantzitsua da euskara filmean, ez erabiltzen delako bakarrik, argumentuaren parte delako ere bai.
Zer toki du euskarak Zinemaldian?
Badu tokia, nahiz eta euskaraz fikziozko film gutxi egin. Bakoitzak sentitzen dituen bezala egin behar ditu gauzak, aurrera jo, ausartu. «Agian» euskaraz egin behar zen ezinbestean. Ez zegoen beste modurik.
Zein lanetan ari zara orain?
Vojtech Jasny zuzendari txekiarrari buruzko dokumentala egiten ari naiz. Euskal Herrian eta New Yorken ibili gara grabatzen, eta neguan Europako beste toki batzuetara joango gara. Fikziozko lehendabiziko film luzerako gidoia idazten ere ari naiz. Ingelesez egingo dut. -
|