- Liga Federala
Nafarroak eta Maulek lehen derbia izango dute
DONOSTIA
Liga Federaleko Lehen Mailan derbi erakargarria izango da bihar arratsaldean, 15.00etan hasita. Izan ere, Nafarroa eta Maule neurtuko dira Donibane Garazin, Adolf Jauregi zelaian.
Liga hasi besterik ez da egin, joan den igandean ekin zioten, eta jadanik derbia izango da. Hasierako emaitzak oso ezberdinak izan dituzte bi euskal taldeek estreinaldian. Nafarroa Beherekoek galdu egin zuten beren neurketa, eta Zuberotarrek, aldiz, irabazi.
Jende asko batuko da Donibane Garaziko zelaian. Gainera, bi talde horien arteko estreinako derbia izango da. Nafarroa orain dela lau urte sortu zen Garazik eta Baigorrik bat egin ostean, eta orain arte elkarren aurka inoiz lehiatu gabe zeuden.
Donibane Lohizunek ere bihar 15.00etatik aurrera jokatuko du Lannemezanen zelaian. Neurketa erraza ez dute izango gorri-berdeek, baina lotsagabe joango dira garaipenaren bila. Liga oso ongi hasi dute lapurtarrek, irabazi egin baitzuten estreinako jardunaldian, eta bide beretik jarraitu nahi dute.
|