GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-10-02
Jorge Duran oso hunkituta agertu zen El Abrazo saria eskuratzean
Biarrizko Latinoamerikako jaialdia agurtu zuten atzo sari banaketa ekitaldia eginda. Sariak ugariak izan ziren, eta horien artean, aurtengo film hoberenerako El abrazo garaikurra Jorge Duran zinemagile brasildarraren “Proibido proibir” filmari eman zioten. Sariak banatzen ari zirela, antolatzaileek aurtengo filmen kalitatea nabarmendu zuten. Baina ikusleek ados ez zeudela adierazi zuten erran horiek entzutean, eta Gare du Midi aretoan txistuka eta oihuka hasi ziren.

BIARRITZ

Ustekabe zenbait izan zen atzo, Biarritzen egiten duten Latinoamerikako kulturaren eta zinemaren sari banaketan. Gare du Midi aretoan izan zen ekitaldi ofiziala, eta banan-banan, lehiaketan ziren dokumental, film labur eta fikziozko filmen sariak azalduz joan ziren. Baina aurtengo pelikulen kalitatea aipatzerakoan, aretoan zeuden ehunka ikusle txistuka eta ufaka hasi ziren.

Horiek hala, antolatzaileak filmen hautaketa justifikatzera behartuak izan ziren. Ikusleen kexua nagusiki lehiaketan zegoen Txileko “Rabia” filma aukeratzeagatik zen.

Bi aipamen berezi

Lehen arazo txiki horren ondotik, sari nagusia ematerakoan, beste ustekabe bat izan zen. Jorge Duran zinemagile brasildarrari “Proibido proibir” filmarengatik El Abrazo deituriko sari nagusia eman ondoren, palmaresean jarriak ez ziren bi aipamen berezi eman zituzten.

Lehendabizikoa Juan Carlos Rulfo zinemagile mexikarraren “En el hoyo” filmak ukan zuen, eta bigarrena, Ignacio Ortizen “Mezcal” lanak. «Oso zaila izan da film guztien artean hoberena aukeratzea», esan zuten epaimahaikideek.

Eta, Peru eta Ekuador herri txikietako zinemagileen ausardia goraipatzen jarraitu zuten: «Inolako diru-laguntzarik gabe film ezin hobeak egitea lortzen dute».

Ekitaldi ofiziala aldarrikapenak egiteko ere baliatu zuten. Alde horretatik, Miguel Littin Txileko zinemagileak, film luzeen epaimahaian zegoela-eta, Latinoamerikako zinemaren garapena ziurtatzeko herri guztien artean elkarlana sustatu behar dela nabarmendu zuen.

«Latinoamerikako zineman bi errealitate daude: Brasilen, Mexikon eta Argentinan bezala ekonomikoki eta teknikoki laguntzen dituzten zinemagileak, eta, bestalde, inolako laguntzarik ez dutenak. Latinoamerikako zinemak aurrera egiteko ezinbestekoa da baliabideak elkartzea», adierazi zuen. Halere, sari nagusiak “Proibido proibir” filmak eskuratu zuen. Bertan zegoen zinemagileak saria eskertu zuen, eta aurrekontu txikiko filma izan zela nabarmendu.

Horietatik kanpo, sariak askotarikoak izan ziren. Emakumezko El abrazo saria Melanie Urbinok eraman zuen, “La Mariposa Negra” filmean ari denak, eta gizonezko aktore hoberena Manuel Calisto “Cuando me toque a mi” filmaren aktore nagusiari eman zioten.

Zinemagileak lagundu

Beste sarien artean, Union Latine deituriko dokumental hoberenarena aipatzekoa da, eta epaimahaiak Hector Ulloque Franco kolonbiarrak Bolibiako Evo Morales lehendakariari buruz egindako “Hartos Evos aqui hay” filmari ematea erabaki zuen.

Saria hartzera agertokira igo zen zinemagilea. «Oldartze istorioak aipatzeko usaia daukagu Latinoamerikan, eta orain, inoiz baino hobekiago, botere-hartzeen istorioak aipatzen ahal ditugu», azaldu zuen Hector Ulloque Franco kolonbiarrak.

Ikusleek gehien gustatu zaien filma saritzeko aukera izan zuten, gainera. 3.500 lagunek parte hartu zuten, eta Damian Szifronen “Tiempos de valientes” filma aukeratu zuten.

Biarrizko jaialdian, filmak emateaz gain, zinemagileen arteko topaketak egin zituzten. Trukatzeko gune bat da, baina topaketa horiek bigarren xede bat zeukaten: zinemagile baten proiektua laguntzea. Film luzeak egiteko, zinemagile gazteei diru-laguntzak ematen dizkiete, eta aurten Celso Garcia saritu dute.

Zinemagileak bost film labur egin ditu eta azkenekoa, “La leche y el agua”, jaialdiko sail ofizialean zegoen. Saria eskuratzerakoan,Garciak zoriontsu zegoela esan zuen, eta bere proiektua ondoko urteko Biarrizko jaialdian aurkeztuko xedea duela azaldu zuen.



Ohorezko Makila Federico Luppirentzat
Biarrizko Herriko Etxeak ohorezko makila eman zion Federico Luppiri aktore gisa egindako lanagatik. Makila eskuratu orduko Luppik omenaldi hori Latinoamerikako zinemari eta filmak egiten dituzten guztiei eskaini zien. «Askoren eskutan gogo handiarekin ikusi dut makila», nabarmendu zuen Luppik poza azaldu nahian. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
En esta ocasión todo salió redondo
Euskal Herria
Partidos vascos aseguran que están duplicando los contactos para la mesa
Kirolak
La firmeza defensiva suma otro punto
Kirolak
El intento por retomar la solidez defensiva se viene abajo al final
Kirolak
Samuel Sánchez confirma su gran momento imponiéndose en Zurich
Mundua
Siete muertos en choques armados entre palestinos
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss