Mikel Aramendi
Errebisionismoa
Titular nagusietan behintzat, ingurumari hauetako hedabide guztiek «kontserbadore» eta «nazionalista» deitu dute Shinzo Abe, pasa den astearteaz geroztik Japoniako lehen ministro berria dena. Ez genioke geure buruari iruzur egin behar, eskuarki erabil ditzakegun hitzetan behintzat: Abe, errebisionista bat da. Ez, noski, garai bateko kapera politiko gorrienetan hitz horri ematen genion adieran, baizik XX. mendearen lehen erdiko gertaera nagusiei buruz bigarren erdian nagusia ez ezik sagaratua zirudien ikuspegia egun ukatzen edo zuritzen duen jarrera horren ildoan.
Japoniako errebisionismo historikoaren aitzindari argienetakoa da Shinzo Abe. Bere aurrekoa izan den J. Koizumik gero eta kinada argiagoak jo baditu norabide horretan azken urteotan (Yasakuni santutegira eginiko bisitaldiekin, demagun), Aberen errebisionis- moa hain da agerikoa eta ezaguna ze bere lehen keinuak alderantziz egin behar izan dituen. Korearren haserrea gehiegi sutu ez dadin, demagun. Gizon honek iraganean esan eta egin dituenak gogoan dituztelako. Japoniar gerra kriminalen gaizkile tasuna ukatu ohi du, adibidez.
Jakina, litekeena da haren larruan egonez gero guk ere halatsu egitea. Nork ez du bere aitona defendatzen? Eta Shinzo Aberen aitona, amaren aita, Nobosuke Kishi zen. Lehen ministro izana, 50eko hamarkadaren azken urteetan. Baina lehenago, Mantxukuoko erregimen titereak ezarritako ustiapen ekonomiko bortitzaren arduradun nagusietako bat, eta gero gobernu inperialean Industria ministroa 1945era bitartean. «A mailako gerra kriminal» eredugarria zen gerra amaitzeanŠ baina haren epaiketa inoiz ez zen burutu, eta hamar urte geroago lehen ministro zen Japonia «demokratikoan». Azkenean, Estatu Batuei men gehiegi egiteagatik erori zen, «gizajoa»!
Shinzoren askaziaren beste adarra, aitaren aldekoa, etorki bertsukoa da, maila apalagoan bederen. Beraz, hein batean, seme zintzoaren patua ere bada bere errebisionismoa. Eta, noski, Japonian II. Mundu Gerrako erantzukizunak nola kitatu zirenaren ondorioa: alde batetik, Hiroshima eta Nagasakiko izugarrikeriak, herriari beldurraren legea ongi irakasteko; bestetik, eskuzabal- tasunik lotsagarriena gerra kriminal frogatuenekin, etorkizunean adiskide izan behar zutelako.
S. Abe bera baino lehenago jaiotakoa da bai errebisionismo hori. -
|