OIARTZUN
Ikastolako lehendakari Arantza Manterolak zinez eskertu zuen atzoko hitzordura bertaratu zirenen parte-hartzea, guztiek ere euskararen eta ikastolen aldeko babesa agertu zutelako. Nolanahi ere, horiek ez ezik, azken hilabeteotan atzoko festa aurrera eraman ahal izateko lanean aritu diren guztiak ere modu berezian aipatu zituen lehendakariak.«Euskara eta ikastolak herri proiektuak izan dira eta dira. Eta oraindik ere, herritarren musu-trukeko lanaren beharra dute», adierazi zuen Manterolak. Segidan, hauxe erantsi zuen: «Ezin ahaztu, bestalde, Haurtzaro ikastolak Kilometroak 2006 antolatzeko dituen arrazoiak. Urte eta erdiko lana ez baitugu hartu beste zereginik ez dugulako».
Lehendakariak aipatu zuenez, Haurtzaro ikastolak ia berrogei urteko ibilbidean ondo frogatu du eskaini duena: «Kalitateko hezkuntza, proiektu euskalduna, Oiartzungo herrian errotuta, integratzailea, nazionala eta eguneroko jardueran publikoa dena».
Hala ere, proiektu horrek etorkizunean bere horretan jarraitzeko baliabide egokiak behar dituztela esan zuen: «Giza baliabideak ezin hobeak ditugu, baina ezin dugu gauza bera esan baliabide ekonomikoez eta fisikoaz».
Baliabide ekonomikoei buruz hitz egiterakoan, adibidez, argi mintzo zen: «Nahiz eta aitortzen dugun, ikastolen mugimenduko beste ikastolekin erkatuz gero, gure egoera ez dela txarrenetakoa, esan behar da kontzertaziotik heldu zaigun dirua ez dugula nahikoa, eta ez datorrela bat gure herri onuradun izaerarekin». Baliabide fisikoak ere «eskasak» dituztela argitu zuen: «Hain zu- zen, eskasia hori gainditzeko eskatu genuen Kilometroak antolatzea. Haurtzaro ikastolaren espazio beharra nabarmena da dagoeneko, eta bi edo hiru urte barru, egoera larriagoa izango da. Beste eraikin bat behar dugu gure hezkuntza proiektua behar bezala aurrera eramateko, eta hori lortzeko pauso batzuk ematen ari gara. Jai honekin biltzen den dirua horretarako bideratuko da».
Nolanahi ere, «hazteko lur eremua» behar dutela eta horretarako Oiartzungo Udalaren inplikazioa «ezinbestekoa» dela adierazi zuen. «Udalak gure beharraren berri du, baina gure premiez eta urgentziaz jabetzea beharrezkoa dugu, eta erantzun egoki, zehatz eta azkarra emateko eskatzen diogu», gaineratu zuen.
Horrez guztiaz gain, Manterolak gogorarazi zuen ezin dela ahaztu ikastolen sorrerako arrazoi nagusia zein den: «EuskalHerriko hezkuntza sistema propio bat eraikitzea». «Egoera eta behar guztien gainetik hori izan da gure lanaren ardatza, eta hori izango da hemendik aurrera ere», aipatu zuen Manterolak.