Zalduherrik zoru publikoen birkalifikazioa salatu du
ZALDIBAR
Zaldibar hautesle plataformak EAJ-EAko udal agintariek onartutako azken akordioa salatu du, Osakidetzari erositako lurzoru publikoak birkalifikatu eta 400 etxebizitza inguru eraikitzeko aukera emango duelako, ohar batean azaldu dutenaren arabera.«Erabaki horrekin etxe-eraikuntzaren inguruan dabiltzan interes espekulatzaileen mesedetara jarri baino ez dituzte egin 45.000 metro koadroko lurrak», salatu du taldeak. Era berean, PSEk «oso oker» jokatu zuela azaldu du, operazioak izaera espekulatzailea zuela esan bazuen ere, ezezko botorik emango ez zuela esan zuelako, ezertarako balio ez zuelakoan. Dagoeneko, akordioaren aurrean alegazioak aurkezteko epea zabalik dagoela gogorarazi du udal ordezkaritzarik gabe utzi duten talde abertzaleak: «Izan ere, gure iritzia plazaratzeko dugun aukera bakarra da. Ez dugu gura betiko hormigoiztuta eta lur berreskuraezinak utziko dituen egitasmo burugaberik gure artean», nabarmendu dute.
Gai potoloak 17 minututan
Bestalde, udal bilkuran gertatutakoa salatu du; izan ere, 9.00etarako deitua bazegoen ere, 11 zinegotzitik 7 hamar minutu berandu heldu ziren, alkatea 19 minutu berandu, hiru zinegotzi ez ziren agertu, eta osoko bilkurak 17 minutu iraun zituen.«Kontu hau lotsagarri izatetik ez litzateke pasatuko, jakingo ez bagenu osoko bilkurak iraun zituen 17 minututan hainbat gai tratatu eta bozkatu zirela, baita erabaki potoloak hartu ere», kritikatu dute Zalduherriko ordezkariek. Izan ere, udal bilkuretan denbora aurreratzeko euskara ez dela erabiltzen esan dute, «itzultzaileak segundu bat ere gal ez dezan», eta iraupena murrizteko ahalegin horien barruan, alkatea izan ezik, gainerako zinegotzi guztiak mutu egoten direla nabarmendu dute.
|