Aldarrikapena, jaia eta jaia Uztaritzen
lapurtarren biltzarrak 27. urtemuga bete zuenatzo. ez da adin txarra atzera eta aurrera begira jartzeko. karrozen ibilaldiak, jaia bereziegiten duenak, sasoi hobeak izan ditu. jaigiroak, berriz, jende mordoa erakartzen du. atzoko ibilaldian parte hartu zutenek garbiutzi zuten badutela zer aldarrikatu eta horretarako irudimenik ez zaiela falta.
Uztaritzeko Lapurtarren Biltzarrak 27. edizioa egin zuen atzo, eta, beste urte batez, mota guztietako aldarrikapenen pasealeku bihurtu ziren herriko kaleak. Eguraldia ere majo portatu zen eta eguna biribildu zuen. Goizean orgen ibilaldia izan zen, betiko moduan. Uztaritzekoen orgak euskal presoen egoeraren larritasuna jaso nahi izan zuen eta bereziki Iñaki de Juana donostiarrarena. Orgaren atzetik herioaren bi senide joan ziren ibilbide guztian, batek bandera espainola soinean zuela eta frantsesa, besteak. Azkainekoek ere gaurkotasuneko gai bati heldu zioten. Hartara, alderdi politiko guztietako ordezkariak mahai baten bueltan bezala eseri zituzten egin zuten antzerkian. Mahai baten bueltan bezala esan behar, bazeudelako kontuan hartzeko detaile pare bat: nagusia, mahaia bera falta zela eta, bigarrena, aurrez aurre egon beharrean elkarri bizkarra emanda zeudela politikariak. Karrozaren atzetik, despistatu antzera, ertzain batek eta guardia zibil batek egunotan hain bilatua den mahaia zeramaten. Larresorokoen orgak mezu garbia zeraman: «Ikastola noizko?». Herri horrek egun mila biztanle dituen arren, aurrez ikusitakoaren arabera, datorren urtean 500 biztanle gehiago izango ditu. Bi eskola daude bertan, frantsesak biak, baina ikastolarik ez dago. Uztaritzeko gaztetxekoek ere mezu garbia eraman zuten ibilaldira: «Gaztetxe gehiago eta jendarmeria gutxiago». Ezpeletakoek Gazte Elkartearen hamargarren urtemuga izan zuten hizpide, eta inauterietako pertsonaia ezagun eta maitea den Ziripot eraman zuten Uztaritzeko kaleetara. Zuraidekoek, berriz, herriaren sarreran dagoen kanpina izan zuten hizpide. Bertan, laranja koloreko palmera bereziak jarri dituzte eta irudi horixe da herrira sartu eta berehala bisitariak ikusten duena. Horregatik ekarri zuten Lapurtarren Biltzarrera «Zuraide beach» mezu kritikoa, ez zaizkielako palmerak batere gustatzen. Eta Biarritzekoek ere majo baliatu zuten atzoko aukera. «Biarritzekoak gara, eta zer?» zioen leloaren atzean mota guztietako gazteak irudikatu zituzten helburu bakarrarekin: askok kontrakoa uste izan arren, Biarritzen gaztea eta euskalduna izan zaitezkeela ozen esatea. Eguerdiko bazkarian 400 bat lagun bildu ziren eta arratsaldeko festa giroa izugarria izan zen, orduak aurrera joan ahala hazten den horietakoa.
Sasoi hobeak izana da
Goizeko orgen ibilaldia da Lapurtarren Biltzarra berezi egiten duena, aldarrikapena eta festa josteko abildadearen erakustoki baita paseo hori. Hala ere, urtez urte orga kopurua murrizten ari dela bistakoa da. Sasoi hobeak izana da Uztaritzeko hitzordua karrozen ibilaldiari dagokionez. Izan ere, bisitari kopuruan osasuntsu dago oso; atzo ere mila lagunetik gora elkartu ziren festan. Hartara, festara bertaratzen direnak asko dira, baina orgak prestatzera animatzen direnak gutxixeago. Antolatzaileen artean hasia da horren inguruko kezka, eta irtenbideak topatzeko lanean hasi dira. Aldarrikapena eta jaia josten ditu Lapurtarren Biltzarrak, baina azken urteotan festak gaina hartu dio aldarrikapenari. Bi jai erraziotatik, aldarrikapeneko bat. -
|