- Munduko Pilota Txapelketa
Mikel Irigoien lesakarrak errukirik gabe hartu du mendean Christophe Elizalde
MEXIKO HIRIA
Tulyehualcoko trinketean eta San Juan de Iztayopango ezker paretan final bana jokatu zuten Munduko Pilota Txapelketako azken-aurreko jardunaldian. Trinketean, binaka, Mexikok irabazi zuen urrea, eta ezker-orman, banaka, Mikel Irigoien lesakarra izan da txapeldun.
Trinketearekin hasita, Santamariak eta Serraldek 40 eta 31 menderatu zituzten Belaskain eta Arotzarene. Partida parekatua izan zen oso, eta horren adibide 25 eta 25eko berdinketa. Lau pilotariek oso itxura ona eman zuten; azken txanpan, ordea, euskaldunek pixka bat behera egin zuten fisikoki, eta hori primeran aprobetxatu zuten amerikarrek.
Azkenean, zilarrezko dominarekin konformatu behar Uztaritze eta Senperekoak. Pedro Santamaria beteranoak, berriz, hirugarren urrea irabazi zuen jarraian erretiroa hartuko duen urtean bertan. Brontzea Izquierdo eta Quesada kubatarrentzat izan zen Elizondo eta Borda euskaldunei irabazita.
San Juanen, bestetik, batere kolorerik gabeko finala ikusi genuen. Mikel Irigoienek aise menderatu zuen Christophe Elizalde itsasuiarra (22-5). Pilotari osoa da lesakarra, eta ez zuen arazorik izan Elizalderi irabazteko. Deigarria da brontzezko domina Tony Huarte Amaiurren bizi den estatubatuarrak irabaztea Javier «Manos Locas» Marin mexikarra mendean hartuta (22-15).
|