DONOSTIA
Zortzi aldiz jaso zuen bost minutuan 100 kiloko zilindro zaharra Marijose Sardonek, eta marka pertsonala egin zuen. Emakumezkoen marka harri horrekin eta denbora horretan Miren Urkiolak dauka, eta bederatzi jasoaldi dauzka eginak.
Atzo, ordea, Sardonen asmoa ez zen hori gainditzea. Sardon plazaratzen zen lehen aldia zen, ete bere asmoa marka polit bat egitea zen. Horixe egin zuen herritarren aurrean.
Bi hilabete daramatza harriak jasotzen, eta garbi erakutsi zuen indarra sobera duela. Oraindik, ordea, teknika asko hobetu beharra dauka, normala den moduan, baina garbi dago gauza onak egin ditzakeela. Atzo oso urduri plazaratu zen, baina amaieran txalo artean agurtu zuten, egindako lanak ez baitzuen inongo aitzakiarik.
Sardon da harriak jasotzen dabilen bigarren emakumea. Orain arte, Miren Urkiola izan da plazetan ikusi ahal izan den neska bakarra, baina Urnietako neska honek ere aurrera jarraitzeko asmoa dauka.
Amaieran, oso gustura zegoen urnietarra: «Oso gustura nago. Hasieran uste genuen baino gehiago jaso dut, eta oso gustura nago».
Sardonek garbi utzi zuen atzoko helburu nagusia ez zela Urkiolaren marka gainditzea. «Nik nire lana egin nahi nuen. Lehen aldiz plazaratzen nintzen, eta lan on bat egin nahi nuen, eta uste dut lortu dudala», berretsi zuen.
Oraindik hobetu beharra daukala ere onartu zuen. «Uztailetik nabil harriak jasotzen, eta indar aldetik ongi nagoela uste dut. Orain teknika eta indarra uztartzen ikasi beharra daukat. Aurrera jarraitzeko asmotan ekin diot kirol honi», esan zuen. Hemendik aurrera judoa eta harri-jasotzea uztartu beharko ditu, bi kirol horietan aurrera egin nahi baitu.