| -Nafarroako aizkolarien txapelketa - Larretxeak argi eta garbi agertu du herrialdeko txapela lortzeko hautagaitza
 ·Mindegia,Nazabal, Barberena eta Vicente ere finalean izango dira
 
 
 
DONOSTIADonato Larretxeak irabazi zuen, atzo, Etxarri Aranatzen jokatu zuten Nafarroako Txapelketako Lehen Mailako kanporaketa. Arantzakoarekin batera, Mindegiak, Nazabalek, Barberenak eta Vicentek lortu zuten hilaren 29an Lakuntzan izango den finalerako txartela. Jon Telletxeak, aldiz, maila galdu egin zuen, eta datorren urtean Bigarren Mailan aritu beharko du aizkoran. Hamar aizkolari lehiatu ziren, hiru txandatan. Mindegia, Vicente eta Senosiain I.a neurtu ziren estreinako txandan, eta Ezkurrako aizkolari beteranoa gailendu zen, baina Otsagabikoak ere finalean izateko txartela lortu zuen. Larretxea, Barberena eta Telletxea lehiatu ziren 
bigarrengo txandan. Arantzako aizkolariak aparteko eragozpenik gabe irabazi zuen 
saioa, eta berea izan zen baita kanporaketako denborarik onena ere. Barberenak 
ere finalerako txartela lortu zuen, baina Telletxeak maila galdu zuen, berea 
izan baitzen kanporaketako denborarik txarrena. Hirugarren txandan, Nazabal, 
Lopez, Senosiain II.a eta Kañamares neurtu ziren. Jendeak Nazabal ikusi nahi 
zuen. Gerrietako arazoekin ibili da, eta zalantzan izan da lehiaketa honetarako, 
baina Etxarrikoak bere saioa irabazi zuen, eta finalean izango da. Beste hiru 
aizkolariek, berriz, ezin izan zuten lortu 
finalean izateko txartela. 
 
 Euskal HerrikoaAtzo jokatu zuten, halaber, Getxon, Hirugarren 
Mailako Euskal Herriko Txapelketako bigarren kanporaketa, eta Mugertza II.ak, 
Aierbe II.ak eta Mandazenek eskuratu zuten finalerako txartela. Lehendik, 
Ugarteburu, Otaegi eta Telletxea ere sailkatuta zeuden, eta sei aizkolari horiek 
urriaren 12an jokatuko dute finala Basaurin. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko 
moztu behar zituen. Izena emandako bi aizkolarik huts egin zuten, ez baitziren 
bertaratu ez Etxeberria ez eta Eraso ere. Lasa zen irabazteko faboritoetako bat, 
baina ezkondu berria da, eta doi-doi heldu da eztei bidaiatik. Ez du izan saioa 
prestatzeko tarte handirik, eta finalik 
gabe geratuko da. 
 |