DONIBANE LOHIZUNE
Atzo arratsean hasi zen Donibane Lohizuneko XI. Zinemagile Gazteen Nazioarteko Jaialdia. Urtero zinemaldiak film bat edo bi bakarrik eginak dituzten zinemagileak erakartzen ditu Lapurdiko kostaldera. Irekiera ekitaldian Sandrine Bonnairerekin batera aurtengo epaimahaia osatuko duten beste sei mahaikideak ere aurkeztu zituzten. Iaz jaialdiko filmik onenaren Zilarrezko Txistera jaso zuen Gela Babluani izango da mahaikideetako bat. Berarekin, Mylène Demongeot eta Thierry Frémont aktoreek, Bernard Werber idazleak eta Fréderique Bel eta Antoine Duléry aktoreek erabakiko dute nori eman behar zaion zuzendari onenaren Urrezko Txistera.
Lehiaketan parte hartzeko aukeratu duten lehen filma ere ikusi ahal izan zen atzo bertan, Estatu frantseseko Maïwennek egindako “Pardonnez-moi”, hain zuzen ere. Gaur frantsesezko beste hiru film luze izango dira ikusgai. Atlantikoaren bestaldetik heldutako “L’Audition” quebectarra batetik eta Estatu frantseseko “Pom le poulain” eta “Les fragments d’Antonin” bestetik.
Ostegunean Rafa Russoren “Amor en defensa propia”, Giles Daoust belgikarraren “The room” eta Richard Bohringerren “C’est beau une ville la nuit” aurkeztuko dituzte lehiaketan.
Ostirala film frantsesen eguna izango da, aukeratutako hirurak Estatu frantsesean egindakoak baitira: Isabelle Czajkaren “L’année suivante”, Laurent Acharden “Le dernier des fous” eta Roschdy Zemen “Mauvaise foi”.
Aurtengo Donostiako Urrezko Maskorra irabazi duen “Mon fils à moi” izango da lehiaketan parte hartuko duen azken filma larunbat arratsean epaimahaiak 2006ko sarituen zerrenda zein den argitu baino lehen. Gero lehiaketatik kanpo dagoen Eric Lartigauren “Prête-moi ta main” filma eskainiko dute zinemaldiari bukaera emateko.