Protestarako hitzordu ugari bihar Euskal Herrian
Urtero legez, Euskal Herriak bihar ospatzeko ezer ez, eta aitzitik, aldarrikatzeko asko duela gogorarazteko kalera irtengo dira hainbat eta hainbat eragile: LAB, Segi, EAE-ANV edo Askatasuna, adibidez. Bestalde, «Faxismoaren aurrean mila kolore» ekimenak babes oparoa lortu du dagoeneko, ultraeskuindarrek Iruñera deitu hitzordua arbuiatzeko.
IRUÑEA
«Urriaren 12an jai inposaturik eta iraingarririk ez». Mezu argi horrekin LABek elkarretaratzeak egingo ditu bihar hainbat hiriburutan. Hain zuzen, prentsa adierazpen batean zera gogorarazi baitzuen atzo: «Urtez urte, lan egutegiak inposatzen dizkigun hainbat jai ospatu behar ditugu ezinbestez, euskal langileen gehiengoarentzat guztiz iraingarriak izan arren».«Hori gutxi balitz, aurten Iruñean Estatu espainolaren errepresioaren eta ukazioaren tresna armatua den Guardia Zibilaren desfilea ‘oparitu’ digute», gaineratu zuen. LABek, «tamalgarria» deritzo Euskal Herriko erakundeek «Estatuak jai iraingarriz osatuta finkatzen duen lan egutegia besterik gabe onartzeari, hauxe baita inora ez garamatzan eta gainditu beharreko autonomismo agortuaren isla garbia». Hala, bere egoitza guztiak irekita izango ditu, biharkoa beretzat «lanegun arrunta baita». Donostiako elkarretaratzea 13.00etan izango da, Bulebarrean; Iruñean eguerdian egingo da, Carlos III kalean, Diputazioaren parean; Bilbon 11.30ean mobilizazioa abiatuko da udaletxetik eta Guggenheim Museora iritsiko da; eta Gasteizen, aldiz, Legebiltzarraren aurrean 13.00etan izango da protesta.
«Intsumisioaren bidetik» Dena den, bihar «ospatzeko ezer» ez dagoela beste hainbat eragilek ere uste dute. Segik, kasu, adierazpen batean arbuiatu zuen «Estatu espainolak Euskal Herriaren zapalkuntza, ukazioa eta zatiketa ospatzen duen eguna dela urriaren 12a», baita euskal gazteria «gatazkara kondenatzen duen eguna ere».
Horren aurrean, hitzorduak «intsumisio jarreren bidez eskubideak eskuetan hartu eta inposizio honi guztiari hortzak erakusteko» hitzordua izan behar duela esan zuen, eta dei egin zion euskal gazteriari bihar egingo diren intsumisio ekimenetan parte hartzera. Era berean, Euskal Herriko herri eta auzoetan antolatuko diren herri eskoletan parte hartzera ere deitu zuen bide batez.Askatasunak, bestalde, «Konponbide garaia da. Alde egiteko garaia da!» aldarrikatu nahi du bihar «inoiz baino ozenago», «Euskal Herrian inolako ospakizunik merezi ez duen eguna» dela iritzita. «Gure egutegian euskaldunon borondatearen bizkar jaiegun izendatu duten egun honek Euskal Herriak jasaten duen errepresio politiko bortitzaren aurpegirik gordinenetakoa ekartzen digu gogora», adierazi du. Dei egin dio gizarteari honako mobilizazioetan parte har dezan: Gasteizen, 19.30ean, Andra Mari Zurian; Markinan 19.30ean Arkupetan; Ondarroan 19.30ean Alamedan; Lekeition ordu berean Eskolapen; Aulestin 20.00etan herriko plazan; Bilbon eguerdian Guggenheimen, eta Algortan 13.00etan Telletxen. Oñatin eta Tolosan ere manifestazioak egingo dituzte. Osterantzean, ultraeskuindar espainolek Iruñean deitutako manifestazioa dela-eta, Iruñerriko herri mugimenduko eragile andanak indarrak metatzen jarraitzen du bere ekimen alternatiboei dagokienez. «Faxismoaren aurrean mila kolore» lelodun manifestua aurkeztu zuten larunbatean, «beharrezkotzat» jota faxismoari erantzun sortzaile, kultural eta sozial bat ematea. Goizean goiz hasita, ekimen anitz egingo dituzte, beraz, Iruñean, eta atzo ere dei egin zieten herri eragileei horiekin bat egin dezaten. ANV-EAEk, kasu, babestu ditu. Eragileok ere bat egin dute manifestuarekin: Nafarroako EGHAM, Indargorri, Txalaparta argitaletxea, Haizea Kultur Elkartea, Askatasuna, AEK, EHE, Eguzki Irratia, Iruñea Berria, Rosa Negra, Askapena...
|