GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Editoriala 2006-10-11
Lan-segurtasun eza herri erakundeetan

Eibar eta Gasteiz lotuko dituen autobidearen lanak direla-eta, Arrasate aldean maiz egiten dituzte leherketak eta normalean ez da ezer gertatzen, leherketa horiek bizilagunengan egonezin handia sorrarazten badute ere. Atzo, ordea, leherketa ­kontrolatua omen zen­ horietako batek hiru zauritu arin eta kalte materialak eragin zituen Musakola auzoan, etxe ugari dituen inguru batean. Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentziak esan zuenez, zain bat harrapatu izanak desbideratu zuen leherketa. Baina azalpen hori ez da nahikoa. Esan beharko luke zergatik gertatu zen leherketa eta, ikerketa egindakoan, non dagoen erantzukizuna.

Edonola ere, gertakari hori ezin da zoritxarreko salbuespentzat jo. Ostiralean autobide bereko lanetan lagun bat hil zen Legutianon, eta herri horretako Udalak laster Itzartu taldearen mozio bat eztabaidatuko du, segurtasun falta horren gainean, hain zuzen ere. Eta autobidearen lanetako istripuen zerrenda luzea da: 2000ko apirilean argiketari bat hil zen, 2001eko abuztuan beste bi langile, beste bat 2002ko martxoan eta 2003ko apirilean beste bat. Ostiralekoa eraikuntza lan horretan seigarrena izan zen, beraz. 2003ko urtarrilean, berriz, Soraluze parean biaduktoetako batetik hiru hormigoi-pieza erori eta arrisku handia sortu zuten. Horiei beste herri lanetan gertatutako istripuak gehitzen badizkiegu, esate baterako, Bergarako saihesbidean hildako bi langileak, zerrenda askoz luzeagoa da.

Lan istripuak eguneroko kontua dira. Haietan hildakoen kopurua ikaragarri handia da. Urrunago gabe, atzo Bokalen langile bat hil eta beste bat larri zauritu zen. Herri erakundeek datuekin egiten dituzten interpretazioak gorabehera, errealitatea bortitza da eta erakunde horiek ezer gutxi egiten dute istripuak saihesteko, baina, are larriago, atzoko gertakariak eta aurreko guztiek erakusten duten bezala, erakundeek eredu izan behar luketen gai batean, lan arriskuei aurre egiteko gaietan, alegia, horrelako segurtasun akatsak izatea onartezina da. Normalean enpresei lan prekarietate gero eta handiagoa sortzen dutela egozten zaie: langileen behin-behinekotasunaren, azpikontratazioen, segurtasun eta lan-osasuneko prestakuntza ezaren ondorioak, hain zuzen. Herri erakundeei, berriz, ez dutela neurririk hartzen prekarietate hori sortzen duten enpresen kontra. Baina erakundeek jokaera bera dutela ikusita, ulergarria gertatzen da esandako erantzukizuna beren gain ez hartzea. Ulergarria, baina inolaz ere ezin justifika daitekeena.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Lan-segurtasun eza herri erakundeetan
Jendartea
Leherketa batek harri mordoa jaurti du Musakola auzora
Jendartea
Saria Maite Lafourcaderentzat
Euskal Herria
«Si se quiere llegar a una solución, hay que empezar por abordar las causas»
Euskal Herria
Protestarako hitzordu ugari bihar Euskal Herrian
Ekonomia
Sagem enpresako 500 lanpostuak desagertzeko arriskua dagoela dio FOk
Kirolak
Mayo rechaza la oferta de renovación y no sigue
Jendartea
La ONU sitúa en la desigualdad el origen de toda la violencia contra las mujeres
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss