ARRASATE
Arrasateko Musakola auzoan ezin sinetsita daude zerbait larriagoa nola ez den gertatu. Izan ere, Eibar-Gasteiz autobideko lanak direla-eta atzo eguerdian egin zuten leherketa espero ez bezala joan zen eta tamaina handiko harri mordoa erori zen hirigunera. Ezbeharra eguerdiko ordu bata baino lehentxeago gertatu zen. Musakolako kiroldegi parean leherketa bat egin zuten autobideko lanen arduradunek eta, ondorioz, harri mordoa airean atera eta hirigunera erori zen bete-betean. Musakolako auzotarrek agertu zutenez, azken asteotan toki horretan egiten duten hirugarren leherketa izan zen atzokoa eta eztandaren zarata ez zen aurrekoen desberdina izan. Baina, lekukoek ikaratuta kontatu zutenez, «bat-batean zerutik harriak erortzen» hasi ziren etengabe.
Kalte larriak eragin zituzten harri horiek. Kiroldegi ondoan aparkalekua dago eta bertan zeuden auto asko kaltetu ziren. Horretaz gain, Gipuzkoa etorbideko denda askotan, etxeetako aurrealdeetan eta teilatuetan ere kalteak larriak izan ziren. Kale horretan dagoen iturgintza denda batean harri batek 80 zentimetroko zuloa eragin zuen paretan. Bertako jabeak agertu zuenez, «gurpil baten tamainako harria» sartu zitzaien dendara.
Harriak hainbesteko indarrarekin atera ziren, non Santa Teresa auzoraino iritsi baitziren. Auzo hori leherketaren tokitik oso urrun dago.
Eragindako kalte material larriak ikusita, Musakolako bizilagunek hitzetik hortzera zebilkiten handiagoa gertatu ez zenean, kontentu egoteko moduan zeudela. Hiru lagunek zauri arinak zituzten, bi harriek kolpatuta eta hirugarrena lepoko minez. Hirurak Arrasateko erietxera eraman zituzten eta behin beren zauriak artatuta, etxera bueltan bidali zituzten.
Arrasateko Udaltzaingoak jakinarazi zuenez, horrelako leherketak egiterakoan aurrez abisua ematen diete, baina atzokoan ez zuten halakorik jaso. Bai Udaltzaingoak eta bai Ertzaintzak ere kaltetutako herritarren salaketak jaso zituzten atzo bertan.
Bidegi ikertzen ari da
Eibar-Gasteiz autobideko lanak kontrolatzen dituen Bidegik Gipuzkoako Azpiegituren Agentziak atzo agertu zuenez, ikerketa abiatu du gertatu dena argitzeko. Izan ere, bai atzo bezalako leherketak eta bai indartsuagoak ere ohikoak omen dira autobide horretako lanetan, eta aurretik ez da halakorik gertatu. Ikerketa sakonagoa abiatu du Bidegik baina, lehen hipotesien arabera, badirudi pitzadura edo zirrikituren bat izan zela tartean eta lurra teknikariek uste zutena baino bustintsuagoa zela inguru horretan. «Leherketak indarra harkaitza puskatzera bideratu beharrean, materiala urrutira botatzera bideratu du», agertu zuen Aldundiko agentzia horrek.Gauzak horrela, datozen egunetarako aurrez ikusita zituen leherketa denak bertan behera uztea erabaki du Aldundiak «ezbeharraren arrazoiak argitu arte».
A.M.
ARRASATE
Eibar-Gasteiz autobidearen lanak ez dira besterik gabe joan azken urteotan. 2000. urteaz geroztik sei langile zendu dira lan horietan ari zirela. Azkena, hain justu, joan den astean Legutianon. Horretaz gain, 2003ko urtarrila hasi berria zela ezbehar handi samarra izan zen Larreategiko zubian, bertako hormigoizko 240 tonako pieza erori zenean. Berekin arrastaka eraman zituen tamaina berdintsuko beste bi pieza eta orduan ere susto handi samarra pasatu zuten lanean ari zirenek. Ez zen zauriturik izan, baina Eibar-Gasteiz autobideko lanak dezente atzeratu zituen ezbehar horrek. Egitura guztia eroriko ote zen beldur ere izan ziren arduradunak.