Britainia Handiko Gobernuak ez daki kartzelak nola hustu
Britainia Handiko agintariek diru-laguntzak emango dizkiete atzerriko presoei zigorra beraien herrialdeetan betetzea onar dezaten. Horixe da Tony Blairren Gobernuak espetxeen pilaketari aurre egiteko pentsatu duen neurrietako bat. Gainera, polizia-etxeak eta gaur egun erabiltzen ez diren kuartel militar zaharrak ere presoak edukitzeko egokituko dituzte.
LONDRES Kartzeletan ez da preso gehiago kabitzen. John Reid Barne estatu-idazkariak eman dituen datuen arabera, Ingalaterrako eta Galesko espetxeetan dagoen preso kopuruak marka guztiak hautsi ditu 79.819 pertsona giltzapean eta une honetan beste 234 preso kabitzeko adina leku baino ez dago, ez gehiago.Gobernuak uste du preso atzerritarrak espetxeetatik atera eta beraien herrialdeetara eramanez gero, arazoa konponbidean jarriko dutela. Horregatik, 750 eta 3.750 euro bitarteko diru-laguntza emango diete beraien herrialdeetako kartzeletan zigorra betetzea onartzen duten atzerritarrei. Hori bai, dirua ez diete zuzenean presoei emango, Reidek argitu duenez. Diru hori erabiliko litzateke preso horien hezkuntza, prestakuntza edo ostatua ordaintzeko. Baita espetxea uztean negozioren bat abian jartzeko ere. «Hala ere, hemengo kartzeletan edukitzea baino merkeago aterako zaigu», esan du Barne Ministerioko eledun batek. Alderdi Kontserbadoreak berehala salatu du egitasmoa. «Gaizkileak ez dira fidatzeko modukoak adierazi du David Davis alderdiko Barne Arazoetako arduradunak. Nola egingo dugu preso horiek, zergadunez baliatu ostean, hona itzul ez daitezen?». Bestalde, Blairren Gobernuak deserriratze prozesuekiko jarrera aldatuko du. Orain arte, deserriratu beharrekoek aurkezten zituzten helegiteen aurkako helegitea aurkezten zuen Britainia Handiko Gobernuak, baina hemendik aurrera, espetxe zigorra bete ostean, aske geratuko dira. Reid idazkariak ez du baztertu preso batzuk zigorra bete gabe aske uztea. Hori «azken aukera» izango litzateke, Estatu idazkariak argitu duenez.
|