GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-10-11
Fermin Lazkano - Kontseiluko Zuzendaritzako kidea
Guk gaur, Jaurlaritzak lau urte barru

Nola egingo duten ez badakigu ere. Hori edo Patxi Baztarrikak edo Miren Azkaratek edo haiek ordezkatuko dituztenek erabakiko dute. Hori bai, EAErentzat bakarrik, dirutza gastatuz, azpikontratatuz eta ideiaren asmatzaileari edo urtetan horretan jardun duenari zipitzik galdetu gabe. Zergatik erabaki dugun guk gaur, euskaltzale bitxiok, hurrengo legegintzaldian egingo dutena? Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak gaur egin duelako bere aldiroko bilera eta bertan euskararen aldeko estrategiaz hitz egin dugulako, abian ditugun asmoak berrikusi ditugulako eta berriren batzuk asmatu ditugulako. Eta, jakina, Jaurlaritzaren Kultura Saila eratu zenetik beti jakin dugulako eta hutsik egin gabe. Izan ere, herri mugimenduak aurretik asmatu eta egin dituelako gauzak. Sarri. Sarriegi. Eta egingo ez dutena ere badakigu jakin. Baina hori beste baterako utziko dugu.

Oraingoan Patxi Baztarrikak erakutsi du erabakia: «Euskararen erabileraren kalitate-ziurta- giria» sortuko dute alor sozio-ekonomikoan enpresa bakoitzak duen euskararekiko jarrera baloratu eta erakusteko. To! Ez zegoen, bada, orain lau urtetik “Bai Euskarari” ziurtagiria, Euskal Herri osoan hedatua ehunka eta ehunka erakundek lortua? Bai, hasi denda txikietatik eta galantetan eta denon ezagunak diren enpresa handietan amaitzeko. Hiru maila dituen ziurtagiria: «Bidean», «Zerbitzua euskaraz» eta «Lana eta zerbitzua euskaraz». Ziurtagiriaren banaketan era guztietako pertsonak izan dira babesa ematen, euskaltzaleak, sindikatuak, enpresariak, elkarteak, diputatu nagusiak... Baina ez; ziurtagiri hori Kontseiluak sortu, hedatu eta babestu du eta horri euskararen aurkakoa dela iritzi diote Kultura Sailean. Beraz, beste bat sortu behar, ofiziala, EAEkoa, azpikontratatua...

Eta artikuluaren izenburuan lau urte barru egingo dutena badakigula esan dugu, hogeita sei urtez berdin egin dutelako. Hurbiletik ezagutu ditudan eta esanguratsuak diren bakan batzuk aipatzearren: ­AEK udal euskaltegiak sortzen hasi udalen lankidetzaz (Laudio, Eibar, Tolosa...) eta Kultura Sailak Udal Euskaltegi «publikoen sarea» muntatu, AEK baztertuz, zegoen tokietatik ere. ­AEK-k Euskal Herrian erakundetzeko urratsa egin eta Kultura Sailak HABE erakundea sortu (non ote orain hura?). ­“Argia” eta euskaltzale batzuek euskarazko egunkari bat sortzeko deia egin eta Kultura Sailak egunkari «publiko» bat egin behar zela, ez besterik. Beno, besterik bai, boikot latza herri mugimendutik sortu zenari. ­Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak «Bai Euskarari Herrietan» deritzan udalentzako hizkuntz plangintzak abiatu hainbat eta hainbat udalekin batera, eta Kultura Sailak «Euskara biziberritzeko plana» abiatu, aurrekoa ordezkatzeko. ­Euskararen Kontseiluak lan mundua euskalduntzeko asmoak erakutsi, planak egin eta eragile sozialak bildu lan munduko euskalduntzerako hitzarmena egiteko eta Kultura Sailak beste hitzarmen bat egin bat-batean eta arrapaladan. Noiz izango dira egia, errealitate, hainbeste aldiz esaten direnak? Alegia, euskararen berreskurapenaz instituzioak eta herri mugi- menduak elkarrekin pentsatu, elkarren laguntzaz jardun eta norabide gutxi-asko berdintsuan joan behar dugula esanez eten barik entzuten ditugunak? Asmo estrategiko bakoitzaren aurrean? Noiz biderkatuko ditugu elkarren indarrak zatitu beharrean?

Eta orain “Bai euskarari” ziurtagiria gutxietsi (gaitzetsi ez esatearren) eta beste paralelo bat sortu. Bada, hasieratik esan duguna: badakigu zer egingo duten. Orain hiruzpalau urte asmatu eta sortu genuen Hizkuntz Eskubideen Behatokia. Ospea, eraginkortasuna eta babes soziala lortu du... Bada, horixe da datorren urtean, Baztarrikaren legegintzaldia amaitu baino lehen egingo duten hurrengo «euskararen aldeko urrats estrategikoa»: Behatokia bikoiztu. Oraingoan Baztarrika izan da, baina ez da pertsonalizatze kontua. Arregiren garaitik badira batzuk ardura horietatik igaro direnak, baina, unetxoren batean izan ezik, beti egin dute berdin. Berdin jarraituko ote du Baztarrika jaunak? Azkarate andereak? Eusko Jaurlaritzak? Hurrengo legegintzaldian etorriko diren berriek?

Kultura Sailak estrategiarik ez duela dirudi. Beno, bai. Herri mugimenduak sekulako izerdiaz sortutako batzuk hainbat urtetako atzerapenez egitea da beren estrategia. Besteak beste. Ez da zeharo txarra. Badu alde onik. Hori jakinda, gaur, eta bihar eta etzi, Euskararen Kontseiluan eta beste hainbat tokitan, Jaurlaritzaren hizkuntz politika erabaki- tzen dihardugula pentsatuko dugu eta erantzukizun horrekin ere landuko ditugu estrategiak, hori gertatuko dela jakinda eragingo ditugu eragileak, eta «bultzada» hori etorriko dela jakinda bizkortuko ditugu gordeta eta baliabide eskasiagatik abiatu gabe ditugun asmoak.

Badu alde txarrik, ordea. Guztion arteko erabakiak hartu beharrean, Kultura Sailak urte batzuetako atzerapenez hartzen ditu erabakiak, eta hori euskararen aurka doa. Euskararen normalizazioaren erlojuaren aurka. Baliabideak alferrik xahutzera eramaten gaitu, bai herri mugimendua eta bai instituzio publikoak ere, eta guztien arteko alferrikako gataz- kak sortzen ditu non-nahi, ekiditen eta gainditzen zailak direnak (besteak beste, bat gainditu eta beste bat pizten delako). Hain konponbide erraza edukita, ez dakit zergatik ez den egiten. Gaurko bileraren akta pasatuko diegu lau urte barrukoa gaurtik egiten has daitezen.

Ironiak alde batera lagata: noiz demontre izango dira egia hainbeste aldiz esaten direnak? Ale- gia, euskararen berreskurapenaz instituzioak eta herri mugimenduak elkarrekin pentsatu, elkarren laguntzaz jardun eta norabide gutxi-asko berdintsuan joan behar dugula esanez eten barik entzuten ditugunak? Asmo estrategiko bakoitzaren aurrean, noiz biderkatuko ditugu elkarren indarrak zatitu beharrean? Asko gara, eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua ere bai, nik dakidala, gure azterketak, iritziak eta baliabideak Kultura Sailari jakinarazteko prest gaudenak, elkarren artean lan egiteko. Doan, mugarik gabe, borondate onez eta pozik. Buruan duten hurrengo bikoizketaren aurretik izango ote da? -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Lan-segurtasun eza herri erakundeetan
Jendartea
Leherketa batek harri mordoa jaurti du Musakola auzora
Jendartea
Saria Maite Lafourcaderentzat
Euskal Herria
«Si se quiere llegar a una solución, hay que empezar por abordar las causas»
Euskal Herria
Protestarako hitzordu ugari bihar Euskal Herrian
Ekonomia
Sagem enpresako 500 lanpostuak desagertzeko arriskua dagoela dio FOk
Kirolak
Mayo rechaza la oferta de renovación y no sigue
Jendartea
La ONU sitúa en la desigualdad el origen de toda la violencia contra las mujeres
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss