Delinkuentziari aurrea hartzeko legearen kontra
·«Denak susmagarriak!» pankartaren atzean protesta ekitaldia egin zuten atzo
Delazioaren Kontrako Euskal Herriko Kolektiboak Estatu frantsesean egindako protesta egunean Baionako Suprefeturaren aitzinean protesta ekitaldia egin zuen. Protesta azaroan Asanblea Nazionalean onartu behar den Delinkuentziari aurrea hartzeko legeren kontra agertzeko egin zen.
BAIONA
60 bat pertsona bildu ziren atzo Baionako Suprefeturaren aurrean «Denak susmagarriak» jartzen zuen pankartaren inguruan. Euskal Herrian zein Estatu frantsesean elkarte, sindikatu eta talde politiko anitz elkartzen dituen Delazioaren Kontrako Kolektiboak Delinkuentziari aurrea hartzeko legearen kontra antolatzen zuen lehen eguna izan zen atzokoa, baina ez da azkena izango. Kolektiboko bozeramaile Francis Charpentierrek Senatuan onartu eta gero azaroaren erdialdean Asanblea Nazionalean onartzeko aukera handia duen eta «askatasun hiltzailea» den lege hau geldiarazteko protesta ekitaldi handi ugari egin beharko direla adierazi zuen. Atzo Euskal Herrian Estatu frantsesaren ordezkaria den Baionako suprefetarekin hitz egiten saiatu ziren Delazioaren Kontrako Kolektiboko kideak, baina bildutako 60 pertsona inguru atetik pasa ezinik gelditu ziren. Protesta ekimen horiekin Nicolas Sarkozyk bultzatutako Delikuentziari aurrea hartzeko legeak gizarte askatasunari dakarzkion arriskuen gainean arreta erakarri nahi du kolektiboak. Izan ere, pankartak adieazten zuen «Denak susmagarriak!» leloarekin aditzera eman nahi izan zuten lege berria onartzekotan gizarteko norbanako guztiengan eragina izan dezakeela. Batasunak bat egin zuen protesta deialdiarekin eta legearen zenbait puntu nabarmendu zituen. Langile sozialen sekretu profesionala zalantzan jartzen du, auzapezari informazioak eman beharko baitizkiote; adingabeen justizia arautzen duen 1945eko ordenantza zalantzan jartzen du; auzapezei neurrigabeko boterea ematen die; eta azkenik, osasun eta segurtasun erakundeen arteko nahasmena eragiten du.
Sarkozyren kontra Pauen
Joan den larunbatean, urriaren 7an, Barne ministro Nicolas Sarkozyk Pauera egin zuen bisitan, ministroa maila ezberdinetan garatzen ari den legearen kontrako manifestazioa izan zen. Anam Au Patac alderdi politiko okzitaniarreko militante bat atxilotu eta polizia-etxera eraman zuten. Ministroa joan zenean, atxilotutako militantearen taldekideak hura askatzeko eskatzera joan ziren eta ordu batzuen buruan Poliziak militantea askatu zuen. Demokraziaren kontrako legeen kontra borrokatzen jarraituko duela adierazi du Anam Au Patacek.
|