TSJPVren jarrerak «harridura» sortu du PSErengan
·Ibarretxeren eta hiru mahaikideen aurkako auziak segitzeak ustekabez hartu du Pastor
«Nolabaiteko harridura» sortu du, Jose Antonio Pastorren hitzetan, TSJPVk Ibarretxeren eta Batasuneko hiru mahaikideren aurka ekinbide judizialak irekitzearen erabakiak. Joan den apirilaren 19an laurak Lehendakaritzan batzartu ziren, eta orain, «desobedientzia» egotzi nahi diete.
BILBO
PSEren Bizkaiko idazkari nagusi Jose Antonio Pastorrek atzo adierazi zuenez, Juan Joxe Ibarretxe lehendakaria eta Batasuneko Arnaldo Otegi, Juan Joxe Petrikorena eta Pernando Barrena mahaikideak auzipetu ditzakeen ekinbide judizialak aurrera jarrai dezan TSJPVk hartutako erabakiak PSErengan «nolabaiteko harridura» sortu du, batik bat, «bizi ditugun garaiak» kontuan hartuta. EAJko diputatu Emilio Olabarriaren iritziz, aldiz, ekimenak sustrai politikoak ditu.Ibarretxe, Otegi, Petrikorena eta Barrena joan den api-rilaren 19an batzartzeaga- tik eramango ditu auzitara TSJPVk, eta neurri horrek PSEn «nolabaiteko harridura» sortu duela nabarmendu zuen Pastorrek, batik bat, egungo testuinguru politikoan «ikuspegi zabalarekin eta eskuzabaltasunezko irizpideekin jokatu behar baita». «Egoera hau lehenbailehen argitzeko eskatzen dut, horrelako egoerek ez baitute batere laguntzen herriko giro politikoa baretzen», nabarmendu zuen.
Oinarri politikodun ekinbidea TSJPVk ustezko desobedientzia delitua leporatzen die lehendakariari eta Batasuneko mahaikideei, eta asteazkenean lau horien aurkako auzibidea jarraitzea agindu zuen. Horrela, seguru asko, deklaratzera deituko ditu. Ekinbi-de horren inguruan haserre agertu zen EAJko diputatu Emilio Olabarria, bere esanetan, ageriko sustrai politikoak baititu auzitegiaren jarrerak. Olabarriak nabarmendu zuenez, «lehendakaria eta ezker abertzaleko hiru ordezkari batzartzea ustezko delitua dela esateko aukerarik ez da existitzen». Beraz, «oinarri politikoa» duen ekinbidea dela ondorioztatu zuen. Diputatu jeltzalearen esanetan, TSJPV osatzen duten epaileen gehiengoa «kontserbadorea eta atzerakoia» da, eta «Eusko Jaurlaritzaren helburuen aurrean benetako kontraboterea osatzeko funtzioa» betetzen duela gaineratu zuen, epaile horiek PPren «botere hondar» bakarrak baitira.
«Oinarri juridiko gutxikoa»
MADRIL Jueces por la Democracia elkarteko bozeramaile Jaime Tapiaren esanetan, TSJPVk agindutako ekinbide judizialak «oinarri juridiko oso gutxi du». Tapiaren ustez, «juridikoki eutsiezina» da Ibarretxeren, Otegiren, Barrenaren eta Petrikorenaren aurkako auzibidea, «oso zaila edo ezinezkoa baita aurkako agindurik jaso ez duenean» bilkura bategatik ekinbide judizialak abiatzea. «Horrela, arrazoizkoa da klase politikoak azaldu duen haserrea ekinbide honen harira, gainera, aurretiaz bestelako erabaki judizialak badaudela kontuan hartuz, hain zuzen ere, ETAren inguruko kargu politiko batekin biltzearen ingurukoak».
|