GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-10-21
Euskal ipuingintzaren aldeko aldarrikapen nahi luke Iban Zalduak bere Euskadi saria
·Itzulpengintzako Euskadi saria Xabier Olarrak itzulitako Raymond Quenauren «Estilo ariketak» itzulpenak eraman zuen

«Joan den urtea, 2005a, oso urte ona izen ipuin produkzioari dagokionez. Hor daude Koldo Izagirreren ‘Sua nahi, Mr Churchill?’, Luxio Apaolazaren ‘Umeak gezurrak esaten dituenetik’ edo Harkaitz Canoren ‘Neguko zirkoa’ edo Aingeru Epaltzaren ‘Lasto sua’ eta beste hainbeste», adierazi zuen Iban Zalduak eta saria ipuingintzaren aldeko aldarrikapen izatea nahi zuela adierazi zuen. Sari-ematea azaroaren 28an izango da Gasteizen.

DONOSTIA

Poza eta ezustea agertuz hasi zen hizketan Euskarazko Euskadi Literatura sariaren irabazlea, Iban Zaldua. «Batzuetan fantasiak egiten dituzun arren, ez neukan saria lortzeko itxaropen handirik eta poza eman dit, besteak beste, ipuin-liburu batekin saria irabazteak, idazle bezala zerbait baldin banaiz, ipuin idazlea naizelako, eta gustatuko litzaidake nolabait sari hau euskal ipuingintzaren aldarrikapen bat izatea», adierazi zuen.

Iazkoa ipuingintzarentzat oso urte ona izan zela gogoratu zuen ondoren eta dozena erdi bat ipuin-liburu nabarmendu zituen. «Adiskide bat kezkaturik ikusi nuen aurten Durangora nobela gutxi doalako. Ez dakidala hori egia den erantzun nion, baina gutxi axola zitzaidala ipuin onak baldin baditugu», jarraitu zuen.

Borgesek esaten omen zuen ipuinak direla gizakiak lehenik produzitu zuen literatura. «Seguru asko gizateria desagertzen denean azkena desagertzen ere ipuinak izango dira, nobela efimeroagoa baita», bota zuen gero. Bere liburuari heldu zion segidan. «Poza eman dit liburu honi saria emateak. Azkena delako, batetik, eta azken liburuarekin adosago egoteko joera dugulako. Baina, bestetik, ikasten joan naizenaren eta ikasteko falta zaidanaren lekuko gisa ikusten dudalako ere bai. Hemen dago nire gaztaroko zientzia fikziozko irakurketa konpultsibo haien oihartzuna, garai batean hainbeste lotsa ematen zidana eta hemen lotsagabeki birziklatu eta erabili dudana. Hemen dago ipuin fantastiko klasikoekiko nire mirespenaren arrastoa, Poeren, Borgesen edo Cortazarraren aldareetan sakrifikatutako hainbat abereren odola, eta hemen dago nire historialari lanbidearen ifrentzua fikzio bilakatuta, egia eta memoria biltzeko bestelako bide bat delako fikzioa, gezurraren bidez egiten den egiaren bilaketa bat, alegia. Eta hemen dago, azkenik, garai batean gutxi eta orain gero eta gehiago irakurtzen dudan ipuingintza errealistaren zantzua; gaztetan bat ere gustatzen ez zitzaizkidan Chejov, Carver, Woolf edo Ignacio Aldecoa bera orain miretsi egiten ditut», esan zuen Iban Zalduak.

Euskarazko Euskadi Literatura sariko epaimahaiak izan dituen arrazoien artean «egileari hain ezaguna diogun nolabaiteko laburtasunari ateratzen dion etekina, ironia eta eguneroko giza-harremanen inguruko ikuspuntu eszeptiko eta umoretsua» izan ziren Mari Jose Olaziregik nabarmendu zituen merituak. Aurreko ipuin bildumetan bezala, “Etorkizuna”n ere hari narratibo baten inguruan lotu ditu ipuinak eta denbora izan da hari hori. «Aurrekoetan bezalaxe, zinez asmatu du erregistro ezberdinak erabiltzen, hala nola zientzia fikzioa, saiakera, jolas-literarioa edo metaliteratura erabili baititu, oso berea duen ahots bat eraikitzeko. Irakurleak hasieratik harrapatzea lortzen du. Pentsatzen dut literatur lan bati eska dakiokeen ezaugarri funtsezko hori duela liburu honek, irakurlea konbentzitzeko gaitasuna», esan zuen.

Iban Zaldua Donostian jaio zen 1966an, Gasteizen bizi da eta Ekonomiaren Historia erakusten du EHUn. Ipuinlaria da nagusiki, “Gezurrak”, “Traizioak” eta “Itzalak” baitzituen argitaraturik “Etorkizuna”ren aurretik.

Azaroaren 28an banatuko dituzte sariak Gasteizen eta sarituak 18.000 euro ditu dirutan eta beste 3.535 euro saritutako lana beste hizkuntza batean argitaratzeko.

Pruden Gartziaren “Lazarragaren Ernazimentua euskaraz”, Koldo Izagirreren “Sua nahi, Mr Churchill?”, Karlos Linazasororen “Denbora aleak” eta Xabier Montoiaren “Bingo (poemak 1981-200)” izan dira atal honetan sarirako finalista.

Xabier Olarrak irabazi zuen, bestalde, Literatura Itzulpen Onenaren Euskadi saria. Olarra 1953an jaio zen Tolosan, hizkuntza erromanikoetan espezializatutako filologoa da eta irakaskuntzan lan egina. Bordeleko Unibertsitatean Etudes Basques-en irakurle izan zen urtebetez, esaterako. 1986az gero itzulpengintzan ari da. Monika Etxebarriaren “Hildakoen entziklopedia” (Kis), Pello Lizarralderen “Denak hasperenka” (Celati), Jon Muñozen “Loroaren teorema” (Guedj) eta Fernado Reyren “Paradisuko almanaka” (Celati)izan dira finalista Itzulpen Onenaren Sarirako.



Quenau, gutxik irakurtzen duten klasikoa
Xabier Olarrak atzo kontatu zuenez, mundu guztiak esaten omen du Raymond Quenauren “Estilo ariketak” irakurri duela. Berak aproba bitxi bat egin zuen. Gaztelaniazko edizioa banatzen duenari galdetu zion urte horretan zenbat ale saldu zituen eta bakarra saldu zela erantzun omen zion. Ea zein liburu-dendetan saldu zen ikus al zezakeen galdetu zion ondoren eta Iruñeko liburudenda batean saldu zela erantzun zion. Ale hori Xabierrek berak erositakoa zen. -



Liburu «itzulezina» itzuli zuen tolosarra

DONOSTIA

Xabier Olarrak bere blogean komentatu izan duenez, Bierceren “Deabruaren hiztegia” zailagoa izan du itzultzen pasarte askotan Quenauren “Estilo ariketak” baino. Hala ere, nolabaiteko mito bat eraiki izan da Quenauren liburuaren inguruan. «Pozten naiz bereziki liburu honen itzulpena saritu didatelako. Nolabaiteko mito bat zabaldua baitu, obra hau frantsestasunari edo frantses hizkuntzaren genie delakoari erabat loturik dagoela esaten duena eta horregatik itzulezina dela. Baina ez zen hori Quenauren iritzia, ez eta beste 25 bat hizkuntzatara itzuli dugunona ere», esan zuen atzo sariaren aurkezpenean. Itzultzailearen ikuspegitik liburu berezia zela erantsi zuen: «Alpeetako mendate bat igotzea bezala izan delako eta sorkuntza ere asko eskatzen zuelako». «Hogei urtetik gora daramat lanbide honetan eta hogei lan eta koska itzuli ditut. Urteen poderioz ofizioa ikasi egin dut nonbait eta gero eta gauza zailagoak egiten ausartu naiz eta ausardia horren lekuko dira azken sei urteetan egin ditudanak», esan zuen.

Quenauren liburua berezia zela aitortu zuen. «Literatura bere muinean zer den agertzen duen liburua da, gauzak adierazteko modu eder bat aurkitzea baizik ez baita literatura. Modu eder asko dira eta Quenauk gauza bera, gertakari xume eta hutsal bat, 99 modutan kontatzen du hemen», jarraitu zuen. Beatriz Zabalondo epaimahaiburuak Olarrak autore garrantzitsuak frantsesetik eta ingelesetik itzuli dituela gogoratu zuen, Faulkner, Chandler edo Sastre, kasu.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Kultura
Euskal ipuingintzaren aldeko aldarrikapen nahi luke Iban Zalduak bere Euskadi saria
Jendartea
Mundua baino zaharragoa ez ezik, Europa baino zaharragoa ere bada Euskal Herria
Iritzia
Ugalkortasuna, hausnarketarako gai
Ekonomia
Kutxa afirma que «no tiene nada que esconder»
Euskal Herria
«Cadena perpetua» a otros dos presos políticos vascos
Euskal Herria
Garzón imputa a tres mahaikides por actos de autodeterminación
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss