Ugalkortasuna, hausnarketarako gai
Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak atzo Bilbon emandako datuen eta horien azterketaren arabera, Euskal Herria herri zahartua da. Mundua baino zahartuagoa eta Europa baino areago ere bada. Zahartze prozesua azkarra izan da, gainera: 25 urtean hemeretzi urtetik beherako biztanleen ehunekoa erdira jaitsi da. Eta gaur egun jaiotzen joera goranzkoa bada ere, Europar Batasunean baino jaiotza gutxiago daude gurean, eta azken urteotako hazkundea zenbait herrialdetan positiboa izan bada ere, besteetan negatiboa izan da, Europan bezala, bestalde.
Lehen irakurketan, behintzat, positiboak ez diren datu horien kausak ekonomikoak eta soziologikoak dira. Gaur egun etxebizitza gazteek aurre egin behar dioten arazo larria da. Izan ere, etxebizitza lortzeko lan urte asko behar dira eta horrek eragin argia du ugalkortasun ezan. Lanari dagokionez, langabezia tasa txikiagoa den arren, lan prekarietatea ikaragarria da, eta ezegonkortasuna, ziurtasun falta hori ez da haurrak izateko akuilurik onena. Gainera, laguntza politikak, oro har, oso eskasak dira, batez ere Hego Euskal Herrian eta, beraz, administrazioak ez dira, uste izatekoa den bezala, ugalkortasunaren sustatzaile nagusi.
Baina kausen artean bada beste bat, familia-egituren aldaketarekin lotuta eta, batez ere, konbentzio zaharkituak atzean uztearekin. Nahi duenak ugaldu ahal izan beharko luke, baina nahi ez duenak, ahal izanda ere, ez du zertan izan. Haurrak izateko aukera denon eskubidea da, baina ez da beharrizana, alegia. Zoritxarrez, baieztapen horren lehenengo partea ez da betetzen, baina bigarrena badirudi gero eta maizago hartzen dela kontuan eta, norbere askatasuna gauzatzea den aldetik, ez da txarra. Ez genuke saihestu behar errealitate hori, emakumearen kasuan nabarmenago eta positiboago bihurtzen dena, emakumeak askatasun esparruak eta bere gorputzaren kontrola eskuratu dituen erakusle baita. Mendeetako gizarte eta erlijio konbentzio zaharkituak, emakumearen zeregin nagusi eta ia bakarra ugaltzea dela ziotenak, atzean utzi ditu. Hau da, aukeratzeko ahalmen handiagoa du.
Errealitate horrek herri gisa hausnarketarako gai beharko luke izan. Zenbait herrialdetan populazio gabetzea dakarrenez gero, eta, beraz, hizkuntza, bizimodu eta oro har kultur kalte nabarmena izango litzateke. Hausnarketa, baina ez ikuspuntu bakar batetik. -
|