GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-10-21
Ugalkortasunaren auzia etorkizuneko Euskal Herrian
Mundua baino zaharragoa ez ezik, Europa baino zaharragoa ere bada Euskal Herria
Euskal Herriak hiru milioi biztanleren muga gainditu berri duela jakinarazi zuen Gaindegiak duela egun batzuk. Atzo, jasotako datuok azaldu zituzten, eta herri barruko portaerak azaltzeaz gain, munduko eta Europar Batasuneko beste estatuen errealitatearekin alderatu zituzten demografiari buruzko datuak. Bigarren atalean, gure geroa markatzen duen ugalkortasuna aztertu zuten.

Ugalkortasunaren auzia etorkizuneko EuskalHerrian» izeneko jardunaldia izan zen atzo Bilbon, Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak antolatuta. Euskal Herriko demografiaren bilakaera aztertu zuten EHUko adituek, eta datu horietan oinarrituta, gure oraina eta etorkizun hurbila irudikatu zuten.

Duela egun batzuk, Euskal Herriko biztanleriak 3 milioiko muga gainditu berri duela ezagutarazi zuen Gaindegiak. Agerraldi berean, zazpi herrialdeetako datuak zabaldu zituen behatokiak. Hiru aldiz halakotu arte, Euskal Herriko biztanleriaren hazkundean azken mendeetan izan den bilakaera ere plazaratu zuten.

Besteren artean, biztanle gehienak Bizkaian bizi direla, eta herrialde hori eta Gipuzkoa azken mendean gehien handitu direnak direla nabarmendu zuten. Zuberoa eta Nafarroa Beherea, aldiz, biztanleria galdu dutenen artean sartu zituzten.

Beste datu aipagarri bat ere eman zuten. Azken bost urteetan migrazioaren eragina gehien igarri dutenak Nafarroa Garaia, Araba eta Lapurdi izan direla esan zuten, hiru herrialde horiek jaso baitituzte etorkinik gehien.

Atzo, adin egitura eta zahartze prozesua, eta jaiotzen eta heriotzen inguruan jasotako datuak ere azaldu zituzten. Erakutsitako grafikoei begira, adin piramidearena baino gehiago, EuskalHerriko sexuaren eta adinaren banaketak islatzen duen grafikoak erronbo luzatuaren itxura hartzen du, herritar gehiago dagoelako adin ertaineko eta handiko taldeetan, adin txikikoetan baino. Gainera, adin tarte gazteenetan handiagoa da gizonezkoen indizea, eta zaharrenetan, emakumezkoena.

Datuok munduko datuekin alderatuta, gurea herri zahartua dela nabarmendu zuten Larrinagak eta Amurriok, nahiz eta Europako irudira hurbiltzen den, ohiko joera baita zahartzearena herri garatu eta aberatsetan. Hala ere, zera nabarmendu zuten: «Euskal Herriko zahartze indizea Europar Batasuneko estatu guztietakoa baino handiagoa da.Alegia, guztiak dira Euskal Herria baino gazteagoak».

Haur gutxiago jaio dira azken bi hamarkadetan, eta horregatik, Europarekin alderatuta, haur eta gazte gutxiago dago hemen, eta 60 urtetik gorako biztanle ehunekoa handiagoa da. Era berean, 25 urteetan zahartze prozesua «sakona eta azkarra» izan dela adierazi zuten Larrinagak eta Amurriok, 19 urtetik beherakoak %35,4tik %17,8 izatera pasatu direlako, eta 75 urtetik gorakoak %3,3tik %8ra. Herri barrura begiratuta, Araba eta Nafarroa Garaia dira euskal herrialderik gazteenak, eta Zuberoa, zaharrena.

Jaiotza eta heriotza tasei dagokienez, bestalde, Euskal Herria munduko tasaren erditik behera dagoela gogorarazi zuten, hau da, munduan 1.000 biztanleko 21 haur jaio ziren; Euskal Herrian, aldiz, 10 besterik ez. Hilkortasun tasak, berriz, ia parekoak direla ezagutarazi zuten soziologoek.

Joera «apala» bada ere, jaiotzak hazi egin dira EuskalHerrian, baina Europar Batasunean baino gutxixeago dira. Eskuartean zituzten azken datuak 2004koak ziren, eta 1994. urtekoekin konparatu zituzten. Hamar urte horietan «poliki» baina «etenik gabe» ari da handitzen jaiotzen kopurua.

Bestalde, populazioa berez berritzea ziurtatzeko, emakume bakoitzak batez beste 2,1 haur izan beharko lituzke, eta euskaldunok kopuru horren erdian gaude. Bestalde, heriotzen bilakaerak goranzko «joera makala» erakusten duela esan zuten, eta EuskalHerriko adinkako banaketa zein den jakinda, hurrengo urteetan tasa horrek handitzen jarraituko duela espero dute.

Barruko datuetara itzulita, Nafarroa Beherean eta Nafarroa Garaian jaio ziren haur gehien 2004. urtean, eta Nafarroa Beherean eta Zuberoan hil zen jende gehien; %14,3 eta 13,7, hurrenez hurren. «Batasuneko estatuen artean ez dago bi herrialde horietakoa bezain hilkortasun tasa handietara iristen den estaturik», azaldu zuten. Hilkortasun tasa baxuena Arabak izan zuen urte horretan.

Bizkaian izandako bilakaeraz ere mintzo ziren, aldaketa sakonenak izan baititu, jaiotza tasa handiena izatetik txikiena izatera pasatu baita.

Amurrio eta Larrinaga EHUko irakasleek EuskalHerrian ugalkortasun txikiko eredua nagusi dela azaldu zuten. Hala ere, Europan bezala, gurean egitura demografikoa herrialdeen arabera ezberdina dela nabarmendu zuten. Izan ere, 2004ko datuei begiratuta, biztanleriaren berezko hazkunde positiboa izan zen Nafarroa Garaian, Gipuzkoan eta Araban, baina negatiboa, gainerakoetan.

«Euskal Herrian, Europan bezala, egitura demografikoa ez da homogeneoa, Bizkaiko, Lapurdiko,Behe Nafarroako eta Zuberoako populazioek gainerako herrialdeetako populazioek baino erreproduzitzeko zailtasun handiagoa dute», aipatu zuten.

800.206 familiagune

Bizikidetza eta Familia atalean, etxeguneen tamainez eta familia motez hitz egin zuten soziologoek. Bildutako datuen arabera, euskal herritarren erdia baino gehiago hiru kide edo gutxiagoko etxeetan bizi da. Bakarrik bizi direnen tasa emendatu da; beste edozein etxegune eredu baino gehiago hazi da, eta, argitu zutenez, definizioz familia bat osatzen ez badute ere, kopurua handitzeak zerikusi zuzena du familia egiturak izaten ari diren aldaketekin. EBko beste lau estatutan soilik bizi dira gurean baino jende gutxiago bakarrik; Zipren, Portugalen, Estatu espainolean eta Grezian, hain zuzen ere. Bakarrik bizi direnen profilaz, beste alde batetik, «emakumezkoa eta adindua» dela nabarmendu zuten soziologoek.

Gaindegiak azaldutako datuen arabera, guztira 80.206 familiagune ditu Euskal Herriak, eta maiztasun handiena duen familia eredua 24 urte baino gutxiagoko seme-alabak dituen bikotearena da.

Guraso bakarreko familien mapa beste guneak baino gehiago hazi da. Euskal Herriko familiaguneen %15,4 direla, gehienak emakumezkoen ardurapean daudela eta Araban hazi direla gehien azaldu zuten. Datu bitxi bat ere aipatu zuten: «Europar Batasuneko estatuekin alderatuta, EuskalHerria da Espainiako Estatuaren atzetik, guraso bakarreko familien buru, proportzioan, gizonezko gehien dituena». -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Kultura
Euskal ipuingintzaren aldeko aldarrikapen nahi luke Iban Zalduak bere Euskadi saria
Jendartea
Mundua baino zaharragoa ez ezik, Europa baino zaharragoa ere bada Euskal Herria
Iritzia
Ugalkortasuna, hausnarketarako gai
Ekonomia
Kutxa afirma que «no tiene nada que esconder»
Euskal Herria
«Cadena perpetua» a otros dos presos políticos vascos
Euskal Herria
Garzón imputa a tres mahaikides por actos de autodeterminación
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss