BILBO
Bi urte dira Urgaberen aurreko diskoa ‘‘Edan hemendik’’ esku artera iritsi zitzaigula. Proposamenak «funtzionatu» egin zuen; oihartzun handia izan zuen eta, hala, kontzertu asko eman ditu lan horri esker. Bien bitartean, taldekideek konposatzen jarraitu dute, eta ‘‘Isilean’’ da emaitza, Oihuka zigiluarekin argitaratu duten bigarren CDa. Agus Barandiaran (ahotsa eta koruak), MikelRomero (gitarra elektrikoak eta akustikoak), Ander Garcia (baxua), Ander Hurtado de Saratxo (bateria) eta Iker Lope de Bergara (alboka) dira Urgabeko musikariak. Gainera, Aitor Gorosabelen, Francis Diezen eta Jon Montanchezen ahotsak entzungo ditugu ‘‘Isilean’’ diskoan. Belen Fernandez da laugarren laguntzailea; txeloa jotzen du azken horrek ‘‘Zuretzat’’ abestian.
‘‘Edan hemendik’’ baino rockeroagoa da ‘‘Isilean’’. Power-poparen eta rockaren arteko batuketatik eratorritako doinuak dira. Gitarra zorrotzagoekin topatuko da entzulea, baina melodiekin ere bai. Tarteko tempo erdiko baladaren bat aurki daiteke disko berrian.
Baga-bigan grabatuta
Diskoa Baga-biga estudioetan grabatu zuten, Bilbon, Kike Mora teknikariarekin. Mora Kepa Junkerarekin dabil baxu jotzaile. Nahasketak Cesar Ibarretxek egin ditu Elkar estudioan, eta produkzio lanak, Ibarretxe beraren, Kike Moraren eta Urgaberen artean.
‘‘Isilean’’ du izenburu, egoera horretan, etxeko bakardadean sortutako kantak direlako diskoan bildutakoak.Badira bi Arkaitz Hormaetxe espetxean den Urgabeko taldekideari eskainitakoak. Arkaitz Hormaetxe bandarekin zebilen lanean atxilotu zutenean. Bi urte dira giltzapetu zutenetik. ‘‘Ama’’ eta ‘‘Gatibuaren balada’’ hari eskainitakoak dira, diskoaren lehendabiziko bi proposamenak.
Kritika soziala egiten dute berbetan. «Azken finean, musika da gure arma bakarra. Euskal gatazkari buruz badira batzuk, jai girokoak ere badaude...», azaldu dio GARAri Agus Barandiaranek.
Hitz eta partitura gehienak Barandiaranek idatzitakoak dira. Mikel Romerok sinatzen ditu bi ‘‘Bihar’’ eta ‘‘Zuretzat’’ eta Iker Lope de Bergarak, ‘‘Hego haizea’’.
Urgabe duela 11 urte sortu zuten. Agus Barandiaran da hasierako talde hartatik gelditzen den musikari bakarra. Orduko bandak zuen «ilusioak eta gogoak» bere horretan dirautela esan du Barandiaranek.